INFO

Frantziskotar batek gaixo dauden presoen aldeko martxari ekin dio

Paulo Agirrebalizategi 70 urteko frantziskotarrak larriki gaixo dauden presoen aldeko martxari ekin dio Audientzia Nazional espainolaren debekuari muzin eginez. Hasiera batean Arrasatera abiatzeko asmoa azaldu badute ere, Donostian zehar ibili dira arratsaldean eta, euripean, ospitalera itzuli dira, eta bertan asanblada bat burutu dute.

Paulo Agirrebalzategik presoen eskubideen aldeko martxa abiatu du. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Paulo Agirrebalzategi 70 urteko frantziskotarrak larriki gaixo dauden presoen aldeko martxari ekin dio Donostia Ospitalean. Bidean lekukoa hartu dio Iñaki Irazabalbeitia Aralarreko kideak eta modu horretan, lekukoa txandatuz, Udalera heldu dira.

Aulkien martxa deitu zaio ekimenari, honek sinbolizatzen baitu Iosu Uribetxebarriaren egoera. Horrez gain, Giza Eskubdeen Deklarazio Unibertsala ere gainean daramate.

13.00etan Donostiako Udalera iritsi dira eta harrera egin die Juan Karlos Izagirre alkateak. Bertan, gaixorik dauden preso guztien askatasuna eskatu du Izagirrek eta martxa debekatu izanak normalizazio politikoari «ezer» ez diola laguntzen adierazi du.

14.30etan berriro ekin diote martxari eta Antiguoko Matia kalera iritsi dira 16.00etan. Hara heldu aurretik, ordea, Leire Luranok hartu du lekukoa Artzain Onaren katedralean.

17.00etan Aietera iritsi dira eta 18.00etan, aldiz, Gobernu espainiarrak Donostian daukan ordezkaritzan izan dira. Arratsaldeko 19.00ak aldera, euri jasa baten pean, Donostia Ospitalera iritsi dira eta asanblada abiatu dute parte hartzaileek.

Bertan, Entzutegi Nazionalak martxari ezarritako debekuari aurre egin izana eta egun osoko egitaraua burutu ahal izan dutela azpimarratu dute. Positiboki baloratu dute eguna, goizean Ertzaintzarekin izandako tirabira salbu eta eguraldi eskasa izan arren, martxak parte hartze handia izan duelako.

Horrez gain, datozen egunetarako deituta dauden mobilizazioetan parte hartzeko gonbitea egin dute eta, batez ere, larunbaterako manifestazioa ahalik eta jendetsuena izan dadin.

#AulkiarenMartxa iruditan (@maripetralin eta @ateakireki)