INFO

Ongi etorri beroa jaso dute Gorka Zabala eta Iosu Esparzak

Behin behineko askatasuna lortu zuten atzo Gorka Zabala eta Iosu Esparza preso politiko nafarrek, 10.000 eta 50.000 euroko bermeak ordainduta, hurrenez hurren. Gau partean heldu ziren euren herrietara eta ongi etorri beroa jaso zuten.

Ongi etorri beroa egin zioten herritarrek Gorka Zabalari. (Lander FDZ. ARROIABE/ARGAZKI PRESS)

Gorka Zabala eta Iosu Esparzak behin behineko askatasuna berreskuratu zuten 10.000 eta 50.000 euroko bermeak ordaindu ostean, hurrenez hurren. Soto del Real espetxetik irten eta euren herrietara abiatu ziren.

Gau partean heldu eta harrera beroa jaso zuten herritarren partetik.

Zabala 2011ko urtarrilean atxilotua izan zen Guardia Zibilaren sarekada batean, Gorka Mayo, Iker Moreno, Patxi Arratibel, Jon Gonzalez eta Xabier Beortegi euskal herritarrekin batera.

Aipatu sarekadan, Esparza atxilotzeko agindua zuten poliziek baina Ipar Euskal Herrira ihes egin zuen horrek. 2011ko irailan atxilotu zuten bertan, euroagindu baten eraginez. Gerora aske geratu zen eta pasa den abenduan atxilotua eta Espainaratua izan zen.