INFO

Monpaseko pasabidea behin betiko baztertu du Donostiako Udalak

Donostiako Udalak behin betiko baztertu du Monpaseko pasabidea eraikitzea, udal teknikariek egindako txostenak aintzat hartu ondoren. Gobernu espainolak azpiegitura horrentzat aurreikusia zuen 8,7 milioi euroko inbertsioa Urumeako ibarrean uholdeak ekiditeko erabil dezala eskatuko dio.

Monpaseko ingurune honetan egin nahi zuten pasabidea. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Donostiako Udalak behin betiko baztertu du Monpasen pasabide bat egitea, udal teknikariek egin dituzten txostenak aztertu ondoren.

Bi argudio eman dituzte eraikuntza baztertzeko: batetik, pasabidearen mantentze-lanek urtean 124.000 euroko balioa izango lukete, eta horri fenomeno atmosferikoek edo beste gertakari batzuek eragindako kostu posiblea gehitu beharko litzaioke.

Horretaz gain, azpiegitura horrek ingurumenean izango lukeen eragina ere aintzat hartu dute erabakia hartzerako orduan.

Ingurumen Ministerio espainolak pasabidea eraikitzeko aurreikusia zuen diru kopuruari dagokionez –8,7 milioi euro–, Udalak Urumeako ibarrean uholdeak ekiditeko erabil dezala eskatuko dio Madrili.