INFO

Gauerdian ekingo zaio ofizialki hauteskunde kanpainari

Gauerdian ekingo diote ofizialki alderdi eta koalizioek urriaren 21eko hauteskundeei begirako kanpainari. EH Bilduk eta PSEk Gasteiz hautatu dute lehenengo agerraldia egiteko, EAJ Donostian izango da eta PP, berriz, Bilbon.


Urriaren 21ean egitekoak diren Gasteizko Legebiltzarrerako hauteskundeei begirako kanpaina gauerdian hasiko da ofizialki. 1.700.000 pertsona baino gehiago daude hautesontzietara deituak.

Krisi ekonomikoak eta ETAk bere jardueraren amaiera aldarrikatu zueneko urteurrenak markatutako zita izango da aurtengoa.

EH Bilduk Gasteiz hautatu du kanpainari hasiera emateko. ‘Soluzioak zure esku. Es tu momento’ lelopean ekingo dio koalizioak urriaren 21erako bideari.

Donostian izango da EAJ kanpaina hasieran, ‘Euskadik ahal du’ lelopean, eta Gasteizen, aldiz, PSE, ‘Egon behar den tokian gaude’ leloa aldarri hartuta.

PP Bilbon izango da, ‘Zu ez bazoaz haiek irabazten dute’ lelopean.

Gasteizko Legebiltzarrak dituen 75 eserlekuak berritu beharko dira hauteskundeetan. Azken autonomikoetan ezker abertzaleak ezin izan zuen parte hartu legez kanpo utzi zutelako espainiar auzitegiek. EAJ suertatu zen garaile botoetan, baina PSE eta PPren arteko akordio baten ondorioz PSEko Patxi Lopez hautatu zuten lehendakari.