INFO

EH Bilduk eta EAJk indarrak berdindu dituzte Gipuzkoan, bederatzina eserlekurekin

EH Bildu izan da Gipuzkoan indarrik bozkatuena, EAJri alde estua aterata. Bi alderdiek indarrak berdindu dituzte lurralde horretan Urkulluren taldeak iazko Udal hauteskundeetan Aldundia galdu ondoren. Bederatzina ordezkari izango dituzte Legebiltzarrean. PSEk, bere aldetik, bost lortu ditu, eta PPk, bi.

EH Bilduk La Casillan jarraitu du hauteskunde gaua. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

EH Bildu koalizio independentistak eta EAJk ordezkari kopuru berbera lortu dute Gipuzkoan. Bederatzi eserleku alderdi bakoitzak, hain zuzen. Indarrak berdindu dituzte Laura Mintegi eta Iñigo Urkulluren hautagaitzek, apenas 1.000 bozetako aldea izan baita bien artean (EH Bilduk 114.460 bozka lortu ditu; EAJk, 113.978.

Hautagaitza independentistak sektore ezkertiar eta abertzaleak lurralde historiko honetan iazko Udal hauteskundeetan Bildurekin lortutako emaitza baikorrak berresten ditu.

Iñigo Urkulluren alderdiak ere goranzko joera izan du bere emaitzetan eta nagusitasunez gailendu da hainbat tokitan. Donostian, esaterako, lehenengo indarra izan da, baita Zarautzen eta Zumaian ere (azken honetan bozka bakan batzuen aldearekin).

Elgoibar, Hondarribia, Urnieta, Aia, Azkoitia, Beasain, Eibar, Legazpi, Orio, Tolosa eta Urretxun ere jeltzaleak gailendu dira.

Herri txikiagoetan, EAJ indar bozkatuena izan da baita ere Albizturren, Idiazabalen eta Mendaron.

EH Bilduk, berriz, herri ugari lortu du bere eskuetan mantentzea, hauen artean nagusienak Andoain, Arrasate, Azpeitia, Bergara, Errenteria, Hernani, Mutriku, Oiartzun, Oñati, Ordizia, Pasaia, Usurbil eta Villabona.

Patxi Lopezen hautagaitzak bost ordezkari lortu ditu Gipuzkoatik Gasteizko Legebiltzarrerako (68.525 boto). Orain hiru urte egindako bozetan baino hiru eserleku gutxiago izango ditu PSEk. Alderdi horrek nagusi izaten jarraitzen du bere ohiko gotorlekuetan, hau da, Irunen eta Lasarte-Orian.

PPk, bere aldetik, bi ordezkari izango ditu, azken hauteskundeetan baino bat gutxiago (30.160 boto).

UPyDk ez du eserlekurik lortu (5.271).

Herritarren parte hartzea igo egin da hauteskunde hauetan Gipuzkoan. 2009an abstentzioa %38,24koa izan zen. Oraingoan, ordea, behera egin du eta %34,59an kokatu da, lau puntutako aldea irekiz.

Gipuzkoako emaitzak, hemen.