INFO

Parisera eraman dute astelehenean atxilotutako Saul Curto zorrotzarra

ETAko kide izatea egotzita astelehenean atzeman zuten Saul Curto bilbotarra Parisera eraman dute, bertako epailearen aurretik pasa dadin.


Efe agentziak aipatu dituen iturri judizialen arabera, SDAT zerbitzuaren egoitzan dago Curto, eta handik eramango dute epailearen aurrera.

Epaileak Curto inputatzea erabakitzen baldin badu, bigarren epaile batek erabakiko du bilbotarra espetxera bidaliko duen edo ez.

Frantziako jendarmeriak Saul Curto Lopez bilbotarra atxilotu zuen astelehenean Puy-Saint-Gulmier herrian, ETAko kide izatea leporatuta.

Estatu frantseseko erdialdean kokatuta dagoen herrixka honetako supermerkatutik irteten ari zela atxilotu zuten Curto. Atxiloketa unean soinean armarik ez zeramala adierazi dute Europa Press eta Efe agentziek, poliziei ez diela aurre egin gaineratuz.

Komunikabideen aurkako erasoak

Betiere bi agentzia espainiarren esan zutenaren arabera, Saul Curto 2008ko abenduaren 31n zenbait komunikabideren kontra egindako atentatuarekin lotuta dago; «indar antiterroristen» bertsioa litzateke hori.

Hain zuzen, urte horretan bertan desagertu zen Curto, eta lau urte eman ditu leku ezezagunean. Ertzaintzak «terrorista bilatuenen» zerrendan sartu zuen berriki.

Europa Press agentziak adierazi zuenez, Curtoren izena Arantza Zuluetaren -2010ean atxilotutako abokatua- oharretan agertzen zen, eta astelehenean atxilotutako bilbotarra ETAren «aparatu logistikoarekin» lotzen zuten horiek.

Europa Pressen informazioaren arabera, Halboka (Hormak Apurtuz Laster Borrokalariak Kalera) erakundearen eta ETAren artean mezulari lana egiten zuen Curtok.

Betiere iturri horiek esan zutenez, Saul Curtok «komunikazio organikoa» mantendu zuen David Pla, Jon Enparantza, Julen Zelarain, Arantza Zulueta, Iñaki Goioaga eta besterekin, Halboka deituriko erakundeko kide liratekeenak.