Martinen atxiloketarekin «bake bidearen aurka doala» ohartarazi dio ezker abertzaleak Hollanderi
Ezker abertzaleko ordezkaritza zabal batek «oso larritzat» jo du Aurore Martinen atxiloketa Baionan egindako agerraldian eta «bake bidearen aurka» doala ohartarazi die François Hollande presidente frantsesari.
Xabier Mikel Errekondo, Maribi Ugarteburu, Anita Lopepe, Xabier Larralde, Jean Francois Lefort... Ezker abertzaleko ordezkaritza zabal batek agerraldia egin du Baionan Aurore Martinen atxiloketaren gainean bere irakurketa emateko. «Oso gertakari larria» dela salatu dute eta bai atzematea eta baita Manuel Vallsek iragan astean eginiko adierazpenekin «Hollande bake bidearen kontra doala» ohartarazi dute.
«Euroagindu hau ez betetzeko akordio tazitoa bazen, atzo Vallsek akordio hori hautsi zuen», adierazi du ezker abertzaleak, atxiloketa honek beste zenbait eginbide berriz martxan jartzeko arriskuaz ohartaraziz.
Euskal jendartea bake prozesuaren alde izan arren eta nazioarteko testuinguruan erabakitzeko eskubidearen alde urrats azkarrak ematen ari badira ere, estatuek kontrako norabidea hartu dutela salatu du ezker abertzaleak.
Aurore Martin kontrol arrunt batean atxilotua izana ere gezurtatu dute. Lefortek azaldu duenez, berak hartu behar zituen beste bideetan ere Polizia bazen, beraz, «operazio bat antolatu zuten bera atxilotzeko».
Lefortek argi eta garbi adierazi du Martin ez zela batere gordetzen. «Ezker abertzalearen militante aktiboa zen eta Bake Bidea mugimenduan sartua zen, hori dela eta buru-belarri ari zen abenduaren 15an Baionan antolatua den bakearen forumean lan egiteko», azaldu du.
«Sarkozy garaian Gueant ministroak egin ez zuena Hollanderen garaian Valls ministroak egin du», esan du.
«Errepresio ekintzak gelditzeko» eskatu diote Parisi
Maribi Ugarteburuk, bere aldetik, atxiloketa EAEko hauteskundeak egin eta bi aste beranduago jazo dela nabarmendu du. «Hauteskunde horietan inoizko babesa lortu dute indar abertzaleek herriarengandik. Kamera berri horretan parlamentarien bi herenak abertzaleak dira eta bi herenak bakea sendotzeko urratsak emateko aldekoak dira. Herritarrek argi adierazi dute bake norabidearen alde direla eta atxikoketa hau bide horren kontra doa», azpimarratu du Ugarteburuk.
Anita Lopepek, bestalde, «errepresio ekintza guztiak gelditzeko» eskatu du, ekintza horiek gatazka konponbidea oztopatzen dutelako.
Behin betiko irekiak diren prozedurak ixteko galdegin du halaber: zonbait militanteen kontu blokatzeak, ostatuen afera edo bertze hainbat euroagindu auziak aipatu ditu. «Vallsek prozedura horiek berpiztu ditu eta arriskua bada prozedura horiek guztiak berriz ere martxan jartzeko».
Ordezkari abertzaleak ozenki eskatu dio Parisko Gobernuari bide horiek alde batera uzteko eta bakearen aldeko engaiamendu zehatzak hartzeko.
Ezker abertzaleak protesta ekimen guztiak babestuko dituela erran du Lopepek eta bereziki azaroaren 10eko manifestazioaren hitzordua indartzeko deia eginez amaitu du prentsaurrekoa.