INFO

Baionako deialdiak jaso duen «sostengu maila handia» nabarmendu du Herrirak

Herrira mugimenduak prentsaurrekoa eman du Baionan larunbatean preso eta iheslarien alde egingo den manifestazioak izan duen «atxikimendu maila handiaren» berri emateko. «Aukera paregabea» iruditzen zaie «Parisko jauntxoei marra gorria gainditua izan dela» esateko.

Gaby Mouesca eta Emilie Martinek eman dute larunbateko manifestazioaren harira Baionan egin den prentsaurreko. (Bob EDME/ARGAZKI PRESS)

Euskal preso eta iheslari politikoen alde larunbat honetan egingo den manifestazioak jaso duen «sostengu maila handiaren» berri emateko prentsaurrekoa eskaini du Herrira mugimenduak Baionan. Ipar Euskal Herrian gisa honetako deialdi batek «inoiz» izan duen babesik handiena jaso duelako gustura azaldu dira Herrirako kideak. Hala, 150 hautetsi baino gehiagok manifestaziora joateko deia egin dutela azaldu dute.

«Euskal Herriko jendarteak gatazkaren ondorioak ahalik eta azkarren tratatzeko eskatzen du, bakea iraunkortu dadin», azaldu dute mugimenduko kideek agerraldian. Bertan nabarmendu dutenez, «preso eta iheslarien gaiak ez du sekula gisa honetako elkartasun uholderik eragin».

Herriraren ustez, Manuel Valls Estatu frantseseko Barne ministroaren azken adierazpenek eta Aurore Martinen egoerak «argi utzi dute jende askorengan Euskal Herriak bizi duen defizit demokratikoa».

Horrenbestez, larunbat honetako manifestazioa «aukera paregabea» iruditzen zaie Parisko «jauntxoei» adierazteko «marra gorria gainditua izan dela».

Manifestazioa 15.30etan abiatuko da Baionako Euskaldunen plazatik, ‘Giza Eskubide Guztiak, Euskal Preso Politikoak Etxera’ lelopean. Antolakuntzatik jakinarazi dutenez, gehienez 17.00etako amaituko da martxa, 17.30etan Xilaba txapelketako finala dela gogoratuz.

Martxa presoen senideek irekiko dute, ondoren iheslariak egongo dira eta atzetik pankarta bakarra joango da, Ipar Euskal Herriko hainbat pertsonalitateren eskuetan.

Muga zeharkatzeko orduan arazoak egon daitezkeela eta, prentsa nahiz begiraleak izango dira bertan «libreki ibiltzeko eskubidea» errespetatzen den edo ez kontrolatzeko.