INFO

Baionako gotzainak bat egin du larunbateko presoen aldeko manifestazioarekin

Atxik Berrituz Ipar Euskal Herriko kristau elkarteak bat egin du larunbatean Baionan presoen eskubideen alde egingo den manifestazioarekin. 70 lagun baino gehiagok adierazi diote sostengua, horien artean Marc Aillet Baionako apezpikuak.


Atxik Berrituz kristau elkarteak agiria kaleratu du heldu den larunbatean Baionan egingo den presoen eskubideen aldeko manifestaziora joateko deia eginez. ‘Euskal Herrian bakea lortzearen alde’ izenburua du manifestuak eta 70 lagun baino gehiagok sinatu dute. Zerrendaren buruan Marc Aillet, Baiona, Oloroe eta Lescar-eko gotzaina ageri da. Atxikimenduak jasotzeko honako helbidea jarri dute: atxik.berrituz@gmail.com

Aieteko Konferentziaren lehen urteurrenaren karira, kristau elkarte honek txalotu egin du «gatazkaren konponbidearen alde ari diren guztien lana eta nazioarteko komunitatea egiten ari den ahalegin handia Euskal Herrian bakea izan dadin baldintzak sor daitezen».

Bakearen aldeko lan horrek, elkarte honen ustez, «hiritar guztien ahaleginaren laguntza izan behar du, Euskal Herriaren eraikuntza kulturala, morala eta gizatiarra ahalbidetzeko».

«Euskal Herria maite dugun bezala, bakea maite dugu. Fededun gisa, ziur gaude erlijioek bakeari lagun diezaioketela herri honetan», diote oharrean. Horregatik, gonbita egin diete erlijio desberdinetako sinestun guztiei eta «gure erlijio arduradunei, Euskal Herriko bake prozesuarekin konprometitu daitezen».

Atxik Berrituz elkarteak preso, iheslari eta haien familiek bizi duten egoeraz ohartarazi dute iritzi publikoa, baita Euskal Herriko «gatazkaren biktima guztienaz ere: ETAren bortxakeria armatuarenak, Iparretarrenak, talde parapolizialenak eta Estatu terrorismoa deitu beharko litzatekeenarenak».

Euskal Herriaren «eraikuntza moral eta gizatiarrari laguntzeko», sinatzaileek dei egin diete «ardura politikoak dituzten guztiei Euskal Herrian bakearen alde konpromiso zehatzak har ditzaten», eta gonbita luzatu diete horrekin ados daudenei larunbateko manifestazioan parte har dezaten.