INFO

‘Dantza zati bat’ erabakitzeko eskubidearen bueltan

Autodeterminazioaren alde abitatutako Nazioen Mundua ekimenaren berri jaso zuen lehenbizi Jon Maiak ‘Gazta zati bat’ dokumentalean, abiapuntura itzulita ‘Dantza zati bat’ ekimenaren azken emaitza aurkeztu berri dute Idiazabalen. Guztia Durangoko azokan aurkeztuko duten DVD bikoitzean bildu dute.


Durangoko azokan aurkeztuko du Nazioen Mundua herri ekimenak ‘Gazta zati bat’ dokumentalaren DVD bikoitza. Erabakitzeko eskubidearen aldeko herri ekimenaren bueltan izan diren ekimen ezberdinak ere jasoko ditu bilduma horrek eta lan horretara azkena batu dena, idiazabaldarrek grabatu duten ‘Dantza zati bat’ lana da (artikulu honetan ikusgai).

Autodeterminazioaren aldeko herri ekimenak larunbatean batu zituen herritarrak bere burua aurkeztu zuen leku berean, Idiazabalgo pilotalekuan, dozenaka herritarren parte hartzearekin osatu duten azken lana aurkezteko.

Abiapuntuko oinarriak gogoratu zituzten bertara bildutakoen artean, herritarrak direla ekimenaren oinarria eta batzen dituena, bereizten dituenetik harago, aurrera egiteko oinarria, erabakitzeko eskubidea.

Idiazabaldarren moduan beste hainbat herritan ere ‘Mikel eta Loinaz’ abestiaren bueltan grabatu dute euren ‘Dantza zati bat’. Orio eta Lesakako herritarrak izan ziren filmaren soinu bandatik abestia hartu eta lehen ‘Dantza zati bat’ grabatu zutenak. Gerora etorri dira Markina-Xemein, Irurita, Bidania-Goiatz, Argentina... eta oraindik argirik ikusi ez duen Ordiziakoa.

Horietan guztietan egindako lanak hartu eta bideoklip bakarrean bildu dituzte Durangoko Azokan aurkeztuko duten DVD bikoitzean.

Durangoko Azoka eta emanaldia ostiralean Arriagan

Erabakitzeko eskubidearen inguruan herritarrak biltzea helburu duen herri ekimen honen mugarri garrantzitsu asko jasoko ditu DVDak, garaian erabakitzeko eskubidearen alde Larraitzen, Txindokiren magalean, egindako mosaikoa eta Lazkaon grabatutako flashmoba, besteak beste. Filma bera ere izango da, noski, bost hizkuntzetara (euskara, gaztelania, frantsesa, ingelesa eta katalana) itzulitako azpitituluekin. 

Abenduaren 6an filmaren soinu banda aurkeztuko dute Xabier Solanok eta DZ-k Ahotsenean, hurrengo egunean, Irudienean, Jon Maiak eta Angel Oiarbidek filma aurkeztuko dute eta azokak irauten duen bitartean protagonistek aleak sinatuko dituzte Nazioen Munduak jarriko duen erakustokian.

Bitartean, emanaldiekin jarraitzen dute herriz herri eta zita garrantzitsua ostiralerako jarri dute Bilboko Arriaga antzokian. 20.00etan eskainiko dute filma bertan eta hainbat gizarte eta kultur eragileren atxikimendua jaso du; besteak beste, Tasio Erkizia, Javier Vizcaino, Jose Maria Arrate, Leire Pinedo, Lutxo Egia eta hainbat alderdi politikotako ordezkarienak.