‘Presoentzako gida’ liburua utzi dute Baionako espetxean
Nazioarteko Giza Eskubideen Egunaren harira, Nazioarteko Espetxeen Behatokiak (OIP) ‘Presoentzako gida’ren bost bat ale utzi ditu Baionako espetxean, Cimade, Baionako Abokatuen Elkargoa eta Giza Eskubideen Ligako ordezkarien laguntzaz.
Nazioarteko Espetxeen Behatokiak (OIP, frantsesez) ekimen berezia egin du gaur goizean. Cimade, Baionako Abokatuen Elkargoa eta Giza Eskubideen Ligako ordezkarien laguntzarekin, presoen eskubideak jasotzen dituen ‘Presoentzako gida’ren bost bat ale utzi ditu espetxean.
Kazeta.infok jaso duenez, OIPko Gabi Mouesca, Cimadeko Helene Ducart, Giza Eskubideen Ligako Christian Desprez eta Baionako Abokatuen Elkargoko dekano Gerard Ford izan dira ekitaldian eta Baionako espetxean presoek pairatzen dituzten osasun arazoak salatu dituzte.
Ordezkaritzak espetxeko zuzendariarekin biltzeko asmoa zuen baina azkenean bakarrik luburutegiko arduradunarekin elkartu dira. Estatu frantseseko beste 20 kartzelatan ere burutu dute protesta. Orotara, lehen aldiz duela 15 urte argitaratu zen liburu honen 1.250 ale atera dituzte. Gabi Mouescak azaldu duenez, «biblia moduko bat bilakatu da».
Baionako Abokatuen Elkargoaren arduraduna, Gerard Fortek, Estatu frantseseko presondegietan oso egoera kezkagarria ematen dela azaldu du, berriki Baionako fiskalak eginiko adierazpenak gezurtatuz. Kayanakis andereak adierazi zuenez, Lapurdiko hiriburuko espetxean egoera hobea da, berrikuntzak egin ondoren.
Fortek, aitzitik, Baionakoa pertsonaren tamainaren araberako espetxe bat izatetik urrun dagoela uste du eta bereziki bertan ematen diren osasun arazoak nabarmendu ditu.
Euskal Herriko Giza Eskubideen Ligako buru Christophe Desprezek salatu duenez, espetxe plazak eraikitzeko politika alferrikakoa da. «Presondegiratzea ezohiko neurria izan behar da», aldarrikatu du.
Cimadeko ordezkariak, berriz, preso diren etorkinek pairatzen duten egoeraren berri eman du. Gehienek bisitarik ez dute, hizkuntza ez dute ezagutzen eta oinarrizko beharrak betetzeko baliabide urriak dituzte. «Gainera, espetxetik atera eta kanporatuak izan aitzin etorkinak atxikitzeko zentro batean bukatuko ote diren beldur dira», nabarmendu du Helene Ducartek.