INFO
Interview
Izaskun GOIENETXEA - Mikel BUTTON
Zukgua prozesuko kideak

«Euskal gatazkari egin diezaiokegun ekarpenik hoberena gu antolatzea dela ikusi dute»

Zukgua prozesu eratzaileko kide dira Izaskun Goienetxea eta Mikel Button eta zeregin zehatz bat dute: nazioartean prozesuaren berri ematea. Eskandinavian izan ziren urria amaieran eta Bruselatik etorri berriak dira. Nazioarteko gazte eragileekin esperientziak konpartitzea dute helburu eta aurrera begira elkarlanerako hainbat kide egin dituzte.

Izaskun Goienetxea eta Mikel Button, Zukgua prozesuko kideak. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

Nondik jaiotzen da nazioarteko bira bat egiteko ideia? Zein testuingurutan kokatzen duzue?
Izaskun
: Gazte Zukgua prozesuaren baitan jaiotzen den zerbait da nazioarteko biraren kontua. Prozesuaren jarraipena bermatze aldera beharrezkoa ikusten genuen nazioartean ere ezagutzera ematea eta zentzu horretan erabaki zen atzerrira salto egitea.

Ze helburu jarri dizkiezue nazioarteko bira hauei?
Mikel
: Helburu nagusiena Europako gazte antolakunde ezberdinekin harremanak egitea izango litzateke, gure antolakundea sortzen dugunean proiektu ezberdinak elkarlanean burutzeko ideiarekin. Bestetik, martxoan egingo dugun jaialdira etortzeko gonbidapenak luzatzeko baliatu dugu bira. Azkenik, Estatu espainiar zein frantziarrak guganako izan ditzaketen jarreren aurrean Europako gazte antolakundeen babesa lortzen ahalegindu gara.

Zein da bira hauek Zukgua prozesu eratzaileari egiten dioten ekarpen nagusia?
I
: Euskal Herrian internazionalismoa oso presente dagoela uste dugu eta, zentzu horretan, gazteriak internazionalista izan behar duela uste dugu. Gazteria ohartaraztea da gure helburua, beste herrialdeen beharra dugula erakutsi nahi dugu. Konpromisoaz ari gara hitz egiten, Euskal Herriak beste herrialdeen beharra baitu bere burua askatzeko.

Noiz egin zenuten Eskandinaviako bira? Zehazki, ze herrialde bisitatu zenituzten? Zein eragilerekin bildu zineten bertan?
M
: Eskandinaviara urriaren amaieran joan ginen. Bertan, Norvegian izateko aukera izan genuen, baita Suedia, Finlandia eta Danimarkan ere eta herrialde horietako gazte erakunde ezkertiarrekin bildu ginen. Helburua harremanak egitea, proiektuak konpartitzea eta aurrera begirako ildoak zehaztea izan da.

Nola ulertzen dute atzerrian Zukgua prozesua?
M
: Hasiera batean Euskal Herriko askapen borrokaren berri gutxiek zekitela nabaritu genuen, baina azalpenak jaso ondoren hemengo ziklo politiko berria ongi ulertu zuten, baita positiboki baloratu ere. Orokorrean modu oso onean hartu dute planteatu dugun prozesua, batez ere gugandik gertuen dauden antolakundeek.

Zein izan da Eskandinaviatik jaso duzuen irakaspen nagusia? Zein atera duzuen ondorioa?
M
: Batetik, eraldaketa sozialaren bidean egiten dituzten planteamenduak errealak izan daitezkeela ikusi dugu eta, bestetik, gazte antolakunde eta alderdiaren artean dituzten harremanengandik ikasteko aukera izan dugu.

Noiz izan zarete Bruselan? Norekin biltzeko aukera izan duzue bertan?
I
: Aurreko astean izan ginen Bruselan eta bertan eurodiputatuekin biltzeko aukera izan genuen, baita Europako Parlamentuan dauden norbanako zein bestelako taldeekin ere. Eta nola ez, Flandrian dagoen gazte mugimendu independentistarekin izan ginen.

Nola ulertu dute Bruselan Zukgua prozesua? Badakite zeren ondorio den?
I
: Gu ezker ikuspegia duten alderdiekin bildu gara orokorrean eta batzuek oso ondo ulertzen dituzte Euskal Herriko ziklo politiko berriaren gakoak. Horren ondorioz, oso positiboki hartu dute gure proiektua, ulertu dute, gurekin konpartitu dute eta oso interesatuak egon dira. Euskal gatazkari egin diezaiokegun ekarpen handiena gu antolatzea dela ikusi dute.

Ze ondorio nagusi atera dituzue Bruselako biratik?
I
: Zoritxarrez, Europako Parlamentua oso burokratikoa dela ikusi dugu, gauza asko pasilloetan erabakitzen direla… Hala ere, instituzioetan borroka bat aurrera eraman daitekeela ikusi dugu eta hor zer egina daukagula jabetu gara. Hala ere, gure borroka esparru naturala gazteekin dagoela argi daukagu.

Nazioarteko bi bira hauetatik ze ondorio nagusi atera dituzue?
I
: Argi ikusi dugu gazteekin dugun harremana eta helduekin duguna ez dela berbera, hitz egiten dugun parametroak eta gure problematikek ez dute zer ikusirik. Horrenbestez, guk askoz gehiago jaso dezakegu gazteengandik Europako Parlamentariengandik baino. Orduan, niretzat berreste moduko bat izan da, gazteok antolatzeko beharra daukagula eta behar hori Europa guztian zehar dagoela uste baitut.

M: Eskandinaviako biran, adibidez, gazte erakunde askok hitz egin ziguten antolatzearen inguruan, militantziaren inguruan… Horrenbestez, gazteok antolatzera eta gure problematika propioak garatzera joan behar dugula pentsatzen dut. Gainontzeko eragileekin izan ditugun harremanak informatiboagoak izan dira, prozesua azaltzera begirakoak.

Aurrera begira bestelako birarik baduzue pentsatuta?
I
: Momentuan Euskal Herrian bira bat egiten ari gara, bertako eragile politiko, sindikal zein sozialekin, gure prozesua azaltzeko. Nazioarteari begira, Greziara joateko asmoa daukagu, Italia eta Suitza behin antolakundea izandakoan bisitatuko ditugu eta Alemanian ere zerbait egitekotan gara. Eskozia ere begiz jota daukagu, batez ere bizi duen egoera dela-eta, eta bertara ere joateko asmoa daukagu.

Hala ere, dena ez da mugatzen Europara eta etorkizunean Hego Amerika edota Kurdistan eta Palestina ere bisitatzeko asmoa daukagu.