Azpeitiko Corrugadoseko langileek bertan behera utziko dute greba
Azpeitiko Corrugados lantegiko enpresa batzordeak iragarri duenez, ekainean hasi zuten greba bertan behera utziko dute urtarrilaren 4an. Zuzendaritzari negoziaziorako deia egin diote.
Corrugados Azpeitia enpresako berrehun bat langilek agerraldia egin dute, hartu duten erabakiaren berri emateko. Enpresa batzordeko kideek jakinarazi dutenez, ekainean hasi zuten greba bertan behera utziko dute urtarrilaren 4an, goizeko 8.00etan. Orain arte eraman duten borroka moldea aldatzea erabaki dute, «negoziazioaren alde».
Epaitegietatik iritsitako azken erabakiek bultzatu dituzte greba uztera eta, ildo horretan, arazoari irtenbidea negoziazioaren bidez eman behar zaiola nabarmendu dute.
Enpresa batzordeak –LABek eta ELAk osatua– zuzendaritzari negoziaziorako deia egin diote. Esan dutenez, oraindik zehaztu gabeko epe bat emango diote eta borondatea duela ikusiz gero, epe hori ez da arazoa izango. Aitzitik, akordiorik lortu ezean, «kalera aterako gara berriro».
Langileen ustez, auzia ezin da «inposaketaren» bidez konpondu eta enpresak arazo ekonomikoak baditu aztertu egin beharko ditu baina ez dute onartuko langileak egoera horren «arduradun bakarrak» izatea edo beren eskubideak galtzea «eta bitartean, Gallardo taldeak konpromisorik hartu gabe jarraitzea».
Enpresa batzordeak dioenez, lantegiaren bideragarritasuna ezin da «kaleratze eta eskubideen galeran oinarritu» eta kaleratzeek borondatezkoak izan behar dute.
«Orain enpresak aztertu behar du egoera, erabakiak hartu eta benetako borondatea erakutsi. Hilaren 4an, goizeko 8.00etan, greba bukatuko da eta bere esku dago ireki dugun aukera aprobetxatzea. Akordiorik gabe ez dago etorkizunik», nabarmendu dute.