Apaiz eta kristau elkarteek bat egin dute Bilboko manifestazioarekin
Herria 2000 Elizak, Foro Erlijioso Popularrak, Kristau Elkarte Herritarrak eta Euskal Herriko Apaizen Koordinakundeak bat egin dute presoen aldeko moblizazioarekin eta Donostia, Gasteiz eta Bilboko gotzainei haien ahotsa entzunarazteko deia egin diete.
Donostiako Artzain Onaren katedralaren aurrean egin dute agerraldia kristau elkarteetako ordezkariek eta zenbait apaizek ‘Berak nau bidali askatasuna gatibuei hots egitera’ leloa zeraman pankartak lagunduta.
Pello Zabala frantziskotarrak eta Mila Elvira kristau elkarteetako ordezkari gisa hartu dute hitza hogeita hamar lagun inguru bildu dituen prentsaurrekoan. Bertan irakurritako oharrean nabarmendu dute beren babesa adierazten diotela Herrirak deitutako manifestazioari «Euskal Herriko gure Elizaren kide gisa, preso, txiro eta zapalduen aldeko askatasuna hitzez eta ekintzez defendatu zuenari fideltasunez».
Euskal preso politiko, iheslari eta erbesteratuen egoera salatu dute eta beren eskubideenganako errespetua eskatu, baita haien familienganakoa ere.
Era berean, Elizako kide eta elkarte guztiei deialdiarekin bat egitera gonbidatu dituzte, zehazki Donostia, Bilbo eta Gasteizko gotzainak, haien ahotsa ere entzunaraz dezaten gizartearen aurrean.
«Gure itxaropena adierazten diogu gatazkaren konponbideari eta konpromisoa berresten dugu justizia, amnistia, askatasuna eta bake politiko eta soziala Euskal Herrian eta herri guztietan lortzeko», nabarmendu dute.