Jonan Fernandez izango da Lakuako bake eta elkarbizitza sailaren arduraduna
Lakuako Gobernu Kontseiluak bihar egingo duen bileran Jonan Fernandez izendatuko du bakea eta elkarbizitzarako sailaren buru, Noticias taldeak dakarrenez.
Jonan Fernandez Baketik zentroko zuzendaria azken sei urteotan. Bihartik aurrera, ordea, Lakuako Gobernuaren bakea eta elkarbizitzarako sailaren ardura izango du, Noticias taldeko egunkariek zabaldu dutenez.
Talde horren arabera, egitura berri horretan batuko dira bakegintza, elkarbizitza eta memoriarekin zerikusia duten gai guztiak, baita giza eskubide eta biktimenganako arreta ere. Orain arte departamendu eta ardura desberdinen menpe izan direnak sail bakar batean elkartuko dira.
Birmoldaketa horren baitan, Maixabel Lasak azken hamar urteotan zuzendu duen Terrorismoaren Biktimen Arretarako Bulegoa desagertu egingo da eta ez da Barne Sailaren menpe egongo.
Jonan Fernandez HBko zinegotzi izan zen Tolosan 1987 eta 1991 artean. Lurraldea koordinakundea sortu zuen eta ondoren Elkarrin jardun zuen. Azken urteotan Baketik zentroko zuzendaria izan da.