INFO

Aitor Franco gazteak bere burua espetxean aurkeztu du

Justizia espainolak emandako epea betetzear zela, Aitor Franco gazte errenteriarrak bere burua aurkeztu du Martuteneko espetxean, senide eta lagunen txalo eta malko artean. Auzitegi Gorenak Franco eta beste lau gazteren aurkako seina urteko espetxe zigorra berretsi zuen abenduan.

Aitor Franco, Martuteneko espetxearen atean. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

Aitor Franco gazte errenteriarra Martuteneko espetxean kartzelaratu dute, bertan bere burua aurkeztu ondoren.

Auzitegi Goren espainolak Francoren beraren eta Oarsoaldeko beste lau gazteren aurkako seina urteko espetxe zigorrak iragan abenduan berretsi ondoren, eguerdi honetara arteko epea zuten beren buruak presondegian aurkezteko.

Martutene aurrean, Eleak mugimenduak deituta elkarretaratzea burutzen ari ziren senide eta lagunek malko eta txalo artean agurtu dute gaztea.

Ezkutatzeko erabakia hartu eta urtarrilaren 19an Donostian euskal gazteriaren alde eginiko manifestazioan agertu ziren Maitane Linazasoro, Arkaitz Antza eta Xabier Lujanbio, egun horretan bertan atxilotu eta espetxeratu zituzten.