Larunbatean Tafallan egingo den manifestaziora joateko deia egin dute preso politiko ohiek
197/2006 sententzia aplikatu zieten preso politiko ohiek Europako erakundeei eta nazioarteko komunitateari gaur egungo espetxe-politikaren bukaera bultzatzeko eta euskal gizartearen ondoan egoteko galdegin diete, konponbidearen bidean.
Larunbatean Tafallan Ines del Rio preso politikoaren askatasunaren alde manifestazioa deitu du Herrira herri mugimenduak eta ekintza horrekin bat egin dute gaur ‘Parot doktrina’ deritzona aplikatu zieten hainbat preso politiko ohiek.
«Neurri kriminal horien biktima izan garen aldetik», esan dute ez dutela «mendekurik« eskatzen, «konponbidea» baizik. «Eta hurrengo belaunaldientzat etorkizun baketsu bat ziurtatua ikusten dugunean, itxiak eta sendatuak sentituko ditugu gure zauriak eta gure familien zauriak», nabarmendu dute.
Beraien aburuz, «mina atzean uzteko garaia da: aukera bat eman behar zaio Euskal Herriko bakeari».
Gernikan egindako agerraldiak, bakeari eta konponbideari «ateak irekitzeko» deia egin dute, «gorrotoan eta mendeku politikan oinarritutako politikak bazter uzteko».
Gaur egun 74 preso politikok «bizi osorako zigorrekin» espetxean jarraitzen dutela gogorarazi dute eta, ildo horretatik, larunbatean Tafallan egingo den manifestaziora eta hurrengo astean ‘Parot doktrinaren’ aurka egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute.
Gobernu espainolak Nafarroan duen delegaritzak debekatu egin du Tafallako manifestazioa, baita Iruñean martxoaren 20an deitutako elkarretaratzea ere.