INFO

Enrique Mayak karguan jarraitzea «onartezina» deritzo EH Bilduk

Caja Navarrako dieten auzia dela-eta inputatua izan ondoren Enrique Maya Iruñeko alkateak dimititu egin behar duela uste du Eh Bilduk. Karguan jarraitzea «onartezina» dela deritzo eta deklaratzera joan aurretik kargua uzteko eskatu dio.

Bildu eta Aralarreko bost zinegotziak, gaurko agerraldian. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)

Bilduk eta Aralarrek Iruñean dituzten bost zinegotziek –Eva Aranguren, Aritz Romeo, Peio Martinez de Eulate, Patricia Perales eta Ana Barrena– agerraldia egin dute, atzo Maria Paz Benito epaileak Enrique Maya alkatea, Miguel Sanz eta Alvaro Mirandarekin batera, inputatu gisa deklaratzera deitu duela-eta.

EH Bilduko kideen ustez, Mayak dimitzea «beste aukerarik» ez du. Bere karguan jarraitzea «sostengaezina» izateaz gain, auzitegian alkate gisa deklaratzea «onartezina» dela deritzote.

«Mayak dimisioa aurkeztu behar du egun horren aurretik eta justiziaren aurrean hiritar soil bezala agertu. Erabaki hori hartu behar du ardura politikoagatik eta hiritarrekiko errespetuagatik», nabarmendu dute Arangurenek eta Romeok.

Gogoratu dutenez, Yolanda Barcinak UPNren Batzorde Orokorrean esan zuen ustelkeria kasu batean inputatutako edonork alderdia eta ardura karguak utzi beharko zituela, eta Mayak berak adierazi zuen, oposizioak bere jarrera gaitzetsi zuen osoko bilkuran, dietak kobratzeak ondorio legalak ekarriz gero dimititu egingo zuela.

«Bada hartu erabakia, utzi kargua», esan diote.

EH Bilduren iritziz, Iruñeak «politika egiteko eredu gris eta zaharkitu horren aurrean alternatiba behar du, UPNren alboan dagoen ustelkeriaz betetako itzaletik ihes egingo duen alternatiba».

Ildo horretan, kudeaketa eredu berria, «gardentasun eta zintzotasunean oinarritutakoa», aldarrikatu dute. «Alternatiba sozialago bat ezinbestekoa da, herritarren behar eta interesak agintarien interes pertsonalen aurretik ezarriko dituena», nabarmendu dute.