INFO

30 furgoneta, 200 ertzain eta ia hiru ordu... herri harresia zulatzeko

Sentimenduz, indarrez, gogoan gordetzeko momentuez beteriko egunsentia izan da. Ertzaintzak Donostiako sei gazte espetxera eraman ditu gaur goizaldean Espainiako Auzitegi Gorenaren aginduz. Mila lagun inguruk osatutako herri harresi bati egin behar izan dio, ordea, aurre. 200 polizia, ia hiru ordu eta indarkeria behar izan ditu aurrez ikusi gabeko herritarren desobedientzia harresia zulatzeko, ez erausteko.


Hamarretara bidean zen ordularia Ertzaintzaren azken furgonetek Donostiako Bulebarra utzi dutenean. Jendetza euren atzetik, berriz ere herri harresi forma hartuta eta besteak beste, «gaur, guk, irabazi dugu» oihukatuz. Poliziak azken egunetan Aske Gunea izan dena utzi duenean batzarra osatu da Bulebarreko kioskoaren inguruan. Txerra Bolinagak (Eleak) eta Beñat Apalategik (Aske Gunea) zorion eta esker on hitzak: «Hemen ez da ezer amaitu», esan du Apalategik. «Gaurkoa izugarria izan da, deskriba ezina den bide berri bat ireki dugu». Bolinagak: «Jo ta ke, irabazi arte», erantzun dute lau ordu, lehenago polizia agertu denean, aurrez ikusi ga- beko herri harresiaren parte ziren herritarrek.

6.00ak ziren, Aske Guneako antolakuntzako ordezkariek «egun on» apal batekin esnatu dute jendea. «Ertzainen dispositibo handi bat dago Aritzetan...», iragarri dute. Minutu gutxiren bueltan polizia datorrenerako Aske Guneak duen alarmak jo du bitan eta Bulebarrean oraindik zaku artean ziren 800 pertsonak zortzi gazte independentista zigortuei lotu zaie, herri harresia osatu da.

Ez zen lehen alarma, baina azkena zirudien. Bart, lo hartzerakoan, tentsioa nabari zen bertaratutakoen artean, goizeko seiak pasatxo poliziaren furgoneta saila agertu denean konfirmatu egin da susmoa. «Gaur bai, gaur da eguna», pentsatu du askok. Berehala egiaztatuko zen arrazoia zutela.

Errepidearen inguruak hartu eta herri harresiaren bueltan polizia hormatzarra eraiki dute ertzainek. Oihuek ez zuten etenik, auzipetuen eta ingurukoen arteko besarkadek ere ez. Ertzai- nen buruak megafoniaz desobedientzia jarrera horrek zigor administratibo edo penalak izan ditzakeela esan du. Erreakzioa? Albokoari besotik fuerteago heldu eta «presoak kalera, amnistia osoa» oihukatzea. Gazteleraz errepikatu du ertzainburuak mehatxua eta txistuka hartu du herri harresiko jendeak «ez gaituzue geldituko» oihukatuz. Agerikoa zen, zortzi zigortuak atxilotu nahi bazituzten, alez ale zulatu beharko zuten herri harresia.

Ordurako harresiaren kanpo aldetik ere pertsona ugari ziren Aske Gunekoak babesten. Horiek kanporatu dituzte lehenbizi eta harresiaren lehen geruzari ekin diote poliziek. Gaur jendea ez zegoen etsitzeko ordea, aldamenekoari gogor eutsi, ingurukoen oihu eta animoak babes, «eutsi gogor, ez askatu» zioten aho batez. Lehen hamabost minututan metro eta erdi eskas egin du aurrera poliziak harresian.

Osasun-bolondresak

Hortik aurrerakoan hasi dira kolpeak, mehatxuak (bortxaketa mehatxuak ere salatu dituzte batzuk), ile tirakadak, beso bihurrituak eta belarri okertzeak. Banan bana Kale Nagusitik hasi dira herri harresiko kideak kanporatzen. Bi ertzainen artean zekartzaten gazteak eta helmugara iristean azken errekadua kolpe edo bultzada bortitzez. Kale Nagusian Aske Guneko osasun-bolondresek artatu dituzte zaurituak. Inpotentziak eraginda batzutan, beso, hanka edo buruan jasotako kolpearen minak besteetan, asko izan dira negar malkoz iritsi direnak. Inork ez zuen alde egiteko asmorik, ordea. Iritsi orduko elkar besarkatu, buelta eman eta berriz poliziarekin aurrez aurre. Asko Udaletxe parera joan dira portuaren ingurutik itzulia eginda, oraindik herri harresian zirenei babesa adieraztera.

Harresian barneratu ahala bortitzago aritu da polizia. Aurpegi ezagunen bat ere bai tarteko, Ramon Agirre aktorea eta Harkaitz Martinez San Vicente txalapartaria, besteak beste. 200 polizia inguruk parte hartu du gaurko atxiloketan eta hasieran bazirudien jarrera lasaia mantendu asmo zutela, hori zen agindua, agian; baina euren senak eraginda edo, herri harresiaren indarrari poliziaren indarkeria kontrajarri zaio. Kale Nagusian eta Bulebarrak portu aldera hartzen duen bidean, Ijente kalean, jendeari oldartzeko keinu bat baino gehiago izan da. Gerora zabaldu da herri harresian ziren bi gazte ere atxilotu dituztela.

Bi ordu, 120 minutu zeramatzan poliziak herri harresiaren aurkako borrokan lehen gazte zigortuarengana iritsi direnean.Adur Fernandez atera dute lehenbizi, atzetik etorri dira Ekaitz Ezkerra, Egoi Alberdi, Aitor Olaizola, Mikel Arretxe eta ordularia bederatzietara bidean zenean azkena, Oier Lorente.

«Zorionak!»

Ordurako dozenaka gaztek Hernani kalera jo du, poliziak atxilotuekin handik atera asmo bazuen bidea ixtera. Atxilotuak zeramatzaten furgonetek Bulebarra kontrako norantzan hartu dutela ikustean korrika Gipuzkoa plazara iristen saiatu dira hainbat bidea mozteko.

9.45 inguruan alde egin dute hiru ordu eta erdi lehenago Auzitegi Gorenak zortzi gazte independentista atxilotu eta espetxeratzeko emandako agindua betetzera etorri diren 200 ertzainek. Twitterren Aske Gunea-ren txioa gutxira honakoa: «Gazteak eraman dituzte. #Herriharresia eta egun hauetan eraiki duguna gurekin geratzen da. Zorionak!». Gaur, poliziak harresiari zulo bat egin baitio, baina biharko herri harresia er- naldu da Aske Gunea deituriko elkartasun eta desobedientzia eremu batean.