INFO

Larunbat honetan emango diote azken agurra Amagoia Elezkano gazteari, Orozkon

Senarrak labankadaz hildako Amagoia Elezkanoren aldeko hileta elizkizuna bihar egingo dute, gaztearen jaioterrian, Orozkon. Errausketa Laudioko beilatokian egingo dute, intimitatean, familiak hala nahi izan duelako. Ustezko hiltzailea espetxeratu egin dute.

Amagoia Elezkanoren hilketa salatzeko Laudion burututako elkarretaratze jendetsua. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)

26 urte zituela senarrak labankadaz hildako Amagoia Elezkanoren gorpua Gasteizko Institutu Anatomiko Forentsean dago, bertan egin baitiote autopsia, eta ondoren Laudioko beilatokira eramango dute, familiaren intimitatean errausteko.

Hileta elizkizuna, aldiz, bihar egingo diote, arratsaldeko zazpietan, Orozkoko San Joan Bataiatzailearen parrokian.

Ustezko erasotzailea, 49 urteko gizonezkoa, epailearen esku utzi dute, Lakuako Barne Sailak adierazi duenez. Polizia etxetik Amurrioko epaitegira eraman dute eta epaileak espetxeratzea agindu du. Zaballako presondegira eraman dute.