INFO

EAJk egungo eredua mantentzearen aldeko apustua egin duela kritikatu du EH Bilduk

EH Bilduren iritziz, EAJk egungo ereduari eusteko apustua «lehenetsi» du PSErekin akordioa itxi nahiarekin. Azkenean ituna gauzatzen bada, jeltzaleek «zeren truke» egin duten eta PSEri «zein sari emango dion» jakitea falta dela esan du.


Oskar Matute, Rebeka Ubera, Jesus Mari Agirrezabala eta Maribi Ugarteburuk agerraldia eskaini dute Donostian, PSE eta EAJren arteko bilera baino ordubete lehenago.

EH Bilduko kideen ustez, akordio honen bidez EAJren «ahuldadea eta PSEren beharrak estali nahi dituzte, hauteskundeen ostean zituztenak, baina bere momentuan konpontzeko gai izan ez zirenak».

Koalizioaren arabera, «noraezean» dabilen EAJk «egonkortasuna behar du» eta PSE, berriz, «botere instituzional guztia galdu ondoren presentzia politikoa izateko beharrean zebilen, eta akordioo honen bidez bozekin lortu ez duena EAJren kontura lortzen saiatuko da».

«Orain falta da jakitea zeren truke egin duen EAJk, zein izango den akordioa ixteko PSEri emango dion saria», nabarmendu dute.

EH Bilduk salatu duenez, beren beharrez gain «ereduaz eta herritarren beharrei buruz ez dute hitz egingo» eta lehentasuna «beren interesen araberako irtenbideak adostea izango da».

Horrekin batera, EAJ «herri honen aitortza onartzen ez duen alderdi batekin lotu» dela kritikatu dute, «Euskal Herriaren eskubideak, izaera eta nortasuna errespetatzen ez duen sektore batekin» hain zuzen ere.

EH Bilduren aburuz, «Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea izan behar du, baina EAJk behin eta berriro ukatu egiten du EH Bildurekin batera bide hori jorratzeko aukera».

Horrekin batera, koalizioak ez du ulertzen «herri ikuspegi batetik Gasteizko Legebiltzarrean lehen indar politikoak bigarrenari inoiz akordio eskaintzarik egin ez ezik, elkarlanerako aukera orori uko egitea».

Horregatik, EH Bilduren proposamenak eztabaidatzeko duen «borondate falta eta beldurra»ren arrazoia zen den galdetu diote EAJri. Koalizioaren ustez, «edo EH Bildu zokoratzeko asmo garbia dago, edo, guk uste duguna, sistema honen aldeko indarren artean eredu neoliberala pixka bat gozatuz bere horretan mantentzeko akordio ahaleginez ari gara».