INFO

Josune Arriaga Iruñera buelta dezatela eskatu du Herrirak

Josune Arriaga nafar presoa Iruñera berriz bueltan eramateko eskatu dute hainbat lagunek Nafarroako hiriburuan. Batetik, elkarretaratzea egin dute Herrirak deituta Gobernu espainolaren ordezkaritzan eta, bestetik, presoaren aldeko pintaketak egin dituzte klarionarekin Parlamentuan.

Pintaketak Nafarroako Parlamentuan. (Ateak Ireki)

Dozenaka lagun bildu dira gaur Gobernu espainolak Iruñean duen delegazioaren aurrean Josune Arriaga Nafarroako hiriburutik urrundu dutela salatzeko. Atzo eraman zuten Zaballako espetxera eta, familiak adierazi duenez, berriro ere Topasera (Salamanca) dispertsatzeko arriskua dago.

Herrirak hipotesi hauek gerta ez daitezen lanean jarraituko duela adierazi du eta, bide horretan, izan dituen kontaktuen inguruko balorazio bat egin du.

Ildo horretan, Arartekoaren bulegoan jasotako harrera nabarmendu du mugimenduak. «Eskertzekoa da lantalde osoak presoaren familiarekin izandako empatia», goraipatu du.

Haatik, Gobernu nafarrarekin izandako harremanen balorazio antzekorik ezin du egin Herrirak. «Haren jarrerarekin, haren erantzun faltarekin, presoen familien sufrimendua areagotzea besterik ez du bilatzen», aitortu du.

Egoera horretan, Parlamentuak hartu beharko luke iniziatiba Herriraren ustez. «Baina, PSNk, UPNren eta PPren muturreko jarrerarekin bat egitea erabaki du, eta Josune Arriaga eta haren ama elkartzearen kontrako botua emandu du», adierazi du Herrirak.

Edozein kasutan ere, gizartea da Herriraren ustez giza eskubideak defendatu behar dituena. Horregatik, presoen eskubideen defentsan inplikazio aktiboa izateko eskatu dute, «behingoz sufrimendua amaitu, konponbideei heldu eta bake prozesua itzulezina izan dadin».

Pintaketak Nafarroako Parlamentuan

Batzuk elkarretaratzean parte hartzen ari ziren bitartean, hainbat pertsona Nafarroako Parlamentuaren egoitzara gerturatu dira klarionekin Josune Arriagaren aldeko pintaketak egitera. Sakabanaketaren aurkako eta giza eskubideen aldeko leloak idatzi dituzte.