INFO

Garoña eraistearen gastua Nuclenorrek bere gain hartzea proposatu du EH Bilduk

Garoñaren aurkako gizarte eragileen borroka eskertu du EH Bilduk eta haiek gabe zentral nuklearrak zabalik jarraituko lukeela esan du. Era berean, energia berriztagarrien aldeko apustua egiteko eskatu die instituzio publikoei.


EH Bilduk «pozgarritzat» jo du Garoñako zentral nuklearra datorren uztailaren 6an itxiko den alabistea, zentralak «aspaldidanik» itxita egon behar zuela adieraziz. Ildo horretan, gizarte eragileek eginiko lana goraipatu du.

Belen Arrondo koalizioko legebiltzarkideak adierazi duenez, gizarte eragileen inplikaziorik gabe gaurko albistea «ezinezkoa» izango litzateke, «presio hori funtseskoa izan baita Garoña ixteko». Era berean, beste egitasmo «arriskitsu» batzuk ezerezean uzteko bidea erakutsi dutela gaineratu du.

Hala ere, zentralaren eraispen prozesuan izan daitezkeen «arriskuak» aintzat hartzeko esan du, hondakin erradioaktiboak direlako, eta prozesu horren gastua Nuclenorrek berak hartu dezala eskatu du. «Beraiek sortu dituzte hondakinak eta beraiek hartu behar dute horiek kudeatzearen ardura», nabarmendu du Arrondok.

Aurerra begira, eredu energetikoaren inguruko eztabaida «sakon» baten beharra aldarrikatu du eta eztabaida horri begira zenbait abiapuntu jarri ditu mahai gainean. «Ezinbestekoa da ingurumenarekiko begirunez jokatzea eta, enpresa pribatuen interes ekonomikoak babestu ordez, jendarte osoaren etekina lehenestea», arrazoitu du.