Gobernu espainola «iraganean paratu» dela salatu du Ernaik
Irungo epaitegian elkarretaratzea egin du Ernaik Mikel Button kideak epailearen aurrean deklaratzen zuen bitartean. «Terrorismoa goratzea» leporatzen diote Gazte Danbadan Xabier Lopez Peñaren heriotza salatzeko egindako ekitaldiengatik. Bihar Irati Sienrak deklaratuko du akusazio berberagatik eta etzi, Mikel Morenok eta Gotzon Elizburuk.
Ernai gazte antolakundeak elkarretaratzea egin du Irungo epaitegian, Mikel Button kideak epailearen aurrean deklaratzen zuen bitartean. «Terrorismoa goratzea» leporatuta, Ernaiko lau kide inputatuta daude Gazte Danbadan Xabier Lopez Peña presoaren heriotza salatzeko antolatu ziren ekitaldiengatik.
Irati Sienrak bihar deklaratuko du Bilbon, eta Mikel Morenok eta Gotzon Elizburuk etzi egingo dute, Getxon eta Eibarren, hurrenez hurren.
«Euskal Herrian bizi dugun gatazka politikoa konpondu gabe, historia berridazteko lasterketari ekin dio», Ernairen ustez, Gobernu espainolak eta, «sufrimendua amaitu ordez, hau luzatu eta gogortzeko» hautua egin duela salatu du.
Gazte antolakundearen aburuz, gatazkaren konponbidea lortzeko «gatazkaren erroei heldu behar zaie», baina Mariano Rajoy buru duen Gobernua «gotorlekuan sartu dela» ohartarazi du. «Gerran jarraitzen du, herri honi dagokion erabakitzeko eskubidea ukatu eta eraldaketarako lanean dabiltzanak kolpatuz. Konponbiderako aldarri eta nahiei muzin egin eta iraganean paratu da», salatu du.
Nolanahi ere, Ernairen hautua «garbia» dela azpimarratu du eta «gatazkaren konponbide bidean amaitzeko lanean» jarraituko duela nabarmendu.