INFO

Marijaia, txupinera eta pregoilaria Basurtuko ospitalean izan dira

Basurtuko ospitalean izan dira Aste Nagusiko ikono nagusiak bertako haurrak bisitatzen zirkoarekin batera. ‘Gran Circo Mundial’-ek bere ikuskizuna eraman die bertan diren umeei eta txupin propioa ere izan dute. Udaleko ordezkaririk ez da izan.

Txupin propioa izan dute Basurtuko haurrek. (Luis JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS)

Bilboko Aste Nagusiak jai giroan jarraitzen du erdialdera iristear denean, gaur bere hiru ikono nagusiak Basurtuko ospitalean izan dira ‘Gran Circo Mundial’ ikuskizuneko kideekin batera haurrak bisitatzen.

Marijaia, Jone Artola txupinera eta Iraia Iturregi pregoilariaren konpainian zirkoak Etxebarria parkean eskaintzen duen ikuskizunaren zati bat gozatu ahal izan dute haurrek. Gozatu ederra hartzeko aukera izan dute haurrek; adibidez, horietako batek ‘Los Jorge Brothers’ hirukoarekin batera parte hartu du ikuskizunean eta bertan zian dira Chicharrin, Super Clown Carletto eta The Gotis Clowns pailazoak ere.

Bilboko Konpartsen ordezkaritza bat ere bertan izan da; ez, ordea, Bilboko Udalekorik, txupineraren izendapenaren inguruan Carlos Urquijok ezarri zuen helegiteak eraginda. Hala ere, haurrak ez dira txupin propiorik gabe geratu eta Jone Artolak suziria jaurti du ekimenak abiarazteko.