INFO

1813 gogoan, hiritarren berotasunak suarena gainditzen duelako

Bihar beteko da Donostiaren suntsiketaren bigarren mendeurrena zehazki, eta urtero egun horretan ekintzak prestatzen badituzte ere, aurtengo eguna berezia izango da. Donostiarrek prestatutako ekintzak gaur hasiko dira eta bihar gauera arte iraungo dute.

Jose Javier Pi Chevrot arkitektoak egindako 1813ko erasoaren aurretiko Donostiaren 3Dko irudikapena. (KUTXA)

Donostia urtarriletik dago hiriak duela berrehun urte jasan zuen suntsiketa oroitzeko ospakizunetan barneratuta. Hilero mugarri bat aurkeztu dute, donostiarrek zein bisitariek hiri zaharrean gertatu zenaren berri izan dezaten, historiaren zati ilun hori ezagutaraztea baita helburu nagusia.

Era berean, ezbeharrak utzitako aztarna positiboari heldu zioten hasieratik; suntsituta gelditu zen hiria, Fenix hegaztia bezala, bere errautsetatik berpiztu izanari, hain zuzen. Donostiarrak izan ziren Fenix horri indarra eman zietenak. Tropa napoleonikoek hiria hartzea jasan behar izan zuen lehenengo, eta 1813an aliatuak iristean patua ilundu zitzaion Donostiari. Hiriari eraso egin zioten, eta erre, suntsitu, lapurtu eta setiatu egin zuten.

Egun gutxiren buruan donostiarrak bildu eta indarrak batzea erabaki zuten. Pixkanaka hiria berreraiki zuten gaur egun dugun hiri eder eta modernoa sortu arte. Horretaz oso harro daude egungo donostiarrak, eta 1813ko gertaera horiek gogora ekartzeko prestatu dituzten ekintza guztietan ere lankidetza ez da falta izan.

Gaur eta bihar hirian izango diren ospakizunak bederatzigarren mugarriaren baitan daude, mugarririk garrantzitsuena, hain justu bihar beteko baitira sarraskia gertatu zeneko berrehun urteak. Horren karietara, oraingo honetan 1813ko abuztuaren 31n donostiarrek sentitu zutena irudikatzen saiatuko dira. Berreraikitzeak bere lekua izango du, baina mugarri honetan minaren, odolaren eta suntsiketaren berri izango dugu.

3D teknologia hiria birsortzeko

Duela egun batzuk izango diren ekitaldi nagusien berri izan bagenuen ere, atzo azken uneko aurkezpenak egin zituzten. Hala, bi erakusketa berri aurkeztu zituzten: bata Irungo Oiasso museoan eta bestea Donostiako Bulebarreko Kutxa Aretoetan. Lehena, Gipuzkoak 1808. eta 1813. urteen artean jasan zuen okupazio frantsesaren ingurukoa da. «Inbasio Napoleonikoak» erakusketa ibiltaria lurraldeko hainbat museotan izango da, baina urriaren 27ra arte Irunen geldituko da.

Donostiako erakusketak, ordea, hondamendiaren aurreko eta ondorengo Donostia alderatzeko balioko digu. Gela batean Jose Manuel Bielsak egindako tamaina handiko egungo argazki ikusgarriak daude, ezagutzen dugun hiria beste begi batzuekin begiratzera gonbidatzen gaituztenak. Beste gela batean, Rafael Munoaren fondo fotografikotik ateratakoak daude, hiria suspertzen hasi zirenekoak. Hirugarren gela batean 1813. urtetik atzerako begirada bat aurkezten digute. Txoko batean Jose Maria Unsainek bildutako zenbait agiri, plano eta irudi ezezagunak daude eta, horiei esker, Jose Javier Pi Chevrot arkitektoak garai hartako hiria nolakoa zen irudikatu du 3D teknologia erabilita. «Garai hartako Donostiaz maitemindu naiz -aipatu zuen arkitektoak-, oso gutxi ikertua dago Donostia zaharra nolakoa zen, donostiarrek ere ez dute ezagutzen».

Historia eta teknologia berriak

Donostiako Alde Zaharra izango da egun hauetako ekintzen agertoki iraunkorra. Kaleek eta eraikinek euren funtzioa dute gainera, Aranzadi Zientzia Elkarteak Donostiako Udalarekin batera martxan jarri duen «Sugarrak 1813» proiektu interaktiboan. Hainbat tokitan panelak jarri dituzte, bi pertsonaiaren istorioa kontatzen dutenak: Maite Etxezar 20 urteko neskame donostiarra da bata eta Thomas Rose 41 urteko teniente irlandarra, bestea. Lehena ausarta da eta soldadu aliatuek hiriari erasotzen diotenean ihes egitea du helburu bakarra. Bigarrena tropa ingelesekin ari da borrokan, baina ez dago ados bere kideek erabiltzen duten bortizkeriarekin; frantsesak hil nahi ditu, ez donostiarrak. Panel guztiak irakurtzeko puntu batetik bestera mugitu behar izango dugu, bi istorioek bat egiten duten tokiraino, alegia, Bulebarreraino.

Proposamena erakargarriago egiteko, teknologia berriez baliatu dira. QR kode baten bidez, sakelako telefonoaz audio artxibo bat entzun dezakegu.

Atzo aurkeztu ziren bi erakusketek eta proiektu interaktiboak bat egiten dute jada martxan zegoen «Bake Ituna» erakusketarekin, San Telmo museoan eta Untzi Museoan dagoena, 1813ko guda zein beste guda batzuen ingurukoa.

Egitarau oparoa

1813ko sarraskiaren oroitza ekitaldiak gaur bertan hasiko dira, 18.00etan Donostiako Orfeoiak Santa Maria basilikan eskainiko duen kontzertuarekin. Bertan kantatuko dute lehen aldiz Bigarren Mendeurrenerako sortutako ereserki berria, «Suak pizturik dirau». Gero, Aita Donostia abesbatza Suberri esku-soinu orkestrarekin arituko da San Bizente elizan. Kresala eta Verdini dantza konpainiak ere batuko dira «Hala ere» ikuskizuna eskaintzeko, Pasealeku Berriko Jorge Oteizaren eskulturaren inguruan. 22.30ean, berriz, Euskadiko Orkestrak Konstituzio plazan emango duen kontzertua aitzakia hartuta Hiriaren Urrezko Domina jasoko du.

Bihar goizetik gauera izango dira ekitaldiak. 10.45ean kanoiak botako dituzte eta hortik aurrera berregite historikoak, danborradak, dantzak, musika, omenaldiak... izango dira. Gauean, ohi bezala, Abuztuaren 31 kaleko argiak itzali eta kandelak piztuko dituzte. Azken ekitaldia Konstituzio plazan izango den antzerki emanaldia izango da.