INFO

Jean Haritschelhar euskaltzainburu ohia hil da

1989tik 2004rarte euskaltzainburu izan zen eta euskaltzain emeritua zen 2006tik. 90 urte zituen eta osasun arazo larriak izan ditu azken aldian. Hil kapera jarri dute astelehen goizean Baionako tanatorioan eta hileta asteazkenean izango da Baigorrin.

Euskaltzaindiak omenaldi berezia eskaini zion 2008an Jean Haritschelhar. (Monika DEL VALLE / ARGAZKI PRESS)

Jean Haritschelhar Duhalde Biarritzen hil da igande goizean. Baigorrin jaio zen, 1923ko maiatzaren 13an eta gaixotasun baten ondorioz zendu da. Bere hil kapera Baionan jarri dute tanatorioan eta hileta asteazkenean izango da Baigorrin, bere jaioterrian. Euskaltzaindiak ere omenaldia egingo dio astelehen eguerdian.

Lehen ikasketak bertako eskola publikoan egin zituen. Ondoren, Baionan, Mont de Marsanen eta Tolosan ikasi zuen. Letretan doktoratu zen, Ecole Normale Superiore de Saint-Cloud eta Sorbonne-Parisen, ondoko tesiok aurkeztu zituelarik: ‘Le poéte souletin Pierre Topet Etxahun’ eta ‘L'oeuvre poétique de Pierre Topet-Etxahun’. Madrilen eta Sevillan ere ikasi zuen, eta ‘Gustavo Adolfo Becker costumbrista’ izeneko tesina egin zuen.

Arlo profesionalean, irakasle izana da, 1952tik 1959ra Agen-eko lizeoan, eta 1962tik 1986ra Bordeleko Unibertsitatean, bertan gaztelania eta euskara klaseak ematen zituela. 1969an, Euskal Hizkuntza eta Literaturako katedradun izendatu zuten.

1962tik 1988ra, Baionako Euskal Museoko buru izan zen. 1962ko uztailaren 27an Euskaltzaindiak euskaltzain oso hautatu zuen, eta 1963ko uztailaren 28an, Baigorrin, irakurri zuen sarrera hitzaldia eta Rene Lafonek erantzun zion.

Villasanteren ordez

1966tik 1988ra bitartean, euskaltzainburuorde izan zen. 1989an euskaltzainburu izendatu zuten, Luis Villasanteren ondorengotzat eta 2004ko abendura arte jardun zuen kargu horretan. Euskaltzain emeritua da 2006ko uztailaren 20tik eta 2008ko urtarrilaren 24an, Euskaltzaindiak ekitaldi berezia egin zuen bere egoitza nagusian, Jean Haritschelhar omentzeko. Omenaldi hartan, Euskal Herriko hainbat erakundetako ordezkariak bildu ziren.

Euskaltzaindiaren barnean, Literatura Ikerketa batzordeburua da 2005etik. Beste aldetik, 1971tik 1980ra bitartean Baigorri bere jaioterriko alkate izan zen. Horiez gain, 1988an, Euskal Herriko Unibertsitateak Doctor Honoris Causa izendatu zuen, eta Udako Euskal Unibertsitatean lau urtez izan zen irakasle.

2010ko martxoaren 23an, Honoris Causa Doktore izendatu zuen UNED-ek (Urrutiko Hezkuntzarako Espainiako Unibertsitatea). Besteak beste, Ikas, Euskaltzaleen Biltzarra, Societé de Linguistique de Paris eta Euskal Kultur Erakundearen partaide zen.

Frantziako Hezkuntza Ministerioko Conseil des Universites delako erakundearen batzordekide ere bazen. Pizkundea, Iparraldeko Kultur Federazioa-ren buru. Artikulu ugari idatzi zuen bizitzan zehar hainbat aldizkaritan: ‘Gure Herria’, ‘B. Du M.B’, ‘Revista de Etnografía’, ‘Euskera’, ‘Bulkletin hispanique’, ‘Enbata’, ‘Herria’ -honen zuzendariorde ere izana zen- eta ‘Estudios de Deusto’, besteak beste. Pilota’ aldizkariaren sortzaile eta zuzendari ere izan zen, bai eta Pilotarien Biltzarraren zuzendari ere -Pilota Federazioko kidea ere izan zen, 1968tik 1996 arte-.

‘Bulletin du Musée Basque’ deritzan aldizkaria zuzendu zuen, bertan euskara, euskal kultura, historia eta arkeologia mailako oinarrizko argitalpenak ezagutarazi zituela.

Bestetik, Udako Euskal Unibertsitatearen sortzaileetakoa genuen Haritschelhar. Bertan, gainera, lau urtez izan zen irakasle.