INFO

Jean Haritschelharrek euskararen alde egin zuen lana goraipatu dute

Goizeko 09.00etan zabaldu da Baionako tanatorioan Jean Haritschelharren hil kapera eta hainbat izan dira bertaratutako lagunak, Euskaltzaindiako kideak eta politikariak tarteko. Hileta asteazkenean izango da.

Andres Urrutia egungo euskaltzainburua, hil kaperara iristen. (Gaizka IROZ)

Goizeko 09.00etan zabaldu da Baionako Balte kalean dagoen tanatorioan Jean Haritschelhar euskaltzale hil berriaren hil kapera. Igandean hil zen 90 urte zituela, Biarritzeko erietxe batean.

Lehen ordutik hainbat izan dira tanatorioan izan diren gertukoak, batez ere Euskaltzaindiako kideak –Haritschelhar euskaltzainburu izan zen 1984tik 2004ra eta euskaltzain emeritu zen 2006tik–. Bertan izan dira Andres Urrutia egungo euskaltzainburua, Miren Azkarate, Pello Salaberri, Aurelia Arkotxa, Beñat Oihartzabal, Txomin Peillen, Piarres Xarriton, Xabier Kintana eta Patxi Goenaga, besteak beste. Omenaldi xume gisa, euskaltzain bakoitzari ematen zaion domina eraman du Euskaltzaindiak Baionara, Haritschelharrek berekin izan dezan.

Urrutiak euskaltzale «handia» izan zela nabarmendu du eta euskararen alde gauza ugari egin zituela.

Baionan izan dira halaber gizarte eta politika alorreko hainbat ordezkari, horien artean Patxi Baztarrika Lakuako Gobernuko Hizkuntza sailburuordea eta Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitano. Azken honek Haritschelharren heriotza «ezusteko heriotza» izan dela azpimarratu du hedabideen aurrean eta Euskaltzaindian eta Euskal Herrian izan duen garrantziaz ohartarazi du.

Euskal Kultur Erakundeak, bere aldetik, goretsi egin du ohar bidez Haritschelharrek euskararen eta euskal kulturaren alde egindako lana.

Udalbiltzak nabarmendu duenez, Haritschelharrek Euskal Herria aintzat hartuta egin zuela lana Euskaltzaindian, euskara arautzen eta zabaltzen, balioa ematen.

Hil kapera arratsaldeko 19.00ak arte egongo da irekita eta eguerdian senitartekoek omenaldi intimoa eskainiko diote.

Hileta elizkizunak asteazkenean izango dira, 16.00etan, Baigorrin, bere jaioterrian.