Aske geratzen ari diren presoek pairatzen duten «jazarpena» gogor salatu du Etxeratek
Etxerat elkarteak «oso gogor» salatu du 197/2006 doktrina aplikatua zuten eta aske uzten ari diren presoek zein haien senideek pairatu behar izan duten jazarpena.
«Zer bilatzen da egoera hauekin?». Galdera horixe egin du Etxeratek aske uzten ari diren presoek zein haien senideek pairatu behar izan duten jazarpena salatzeko igorritako oharrean.
Gogoratu dutenez, Estrasburgoko Auzitegiak 197/2006 doktrina aplikatua zuten presoen oinarrizko eskubideak urratu zirela aitortu zuen, «eta beraietako askoak 5, 7, 9 urte espetxean bahituta» igaro dituzte.
«Ezin ahaztu sententzia argia izan arren, oraindik beste 23 presok etspetxean bahituta jarraitzen dutela», azaldu du Etxeratek.
Baina horrez guztiaz gain, espetxetik ateratzen direnek zein haien senideek «erabateko jazarpena» jasan behar izan dute, «bai zenbait pertsonen aldetik, baina baita zenbait politikariren eta bereziki zenbait komunikabideren eskutik ere».
Zigorra osorik bete eta hainbat urtetara kalera ateratzerakoan, «jarraipen itogarri bidegabea» jasan behar izaten dute.
«Zer bilatzen da egoera hauekin? Zein da honen guztiaren helburua?», galdetu dute.
Bereziki «onartezintzat» jo dituzte atzo Puerto I espetxean izan zirenek pairatu behar izan zituzten mehatxu, eraso eta irainak.
«Gure senide eta lagun izaera probesten dute gure aurkako jarrera zapaltzaile bat izateko, baina ez dago eskubiderik!», arbuiatu du Etxeratek, eta irain horiek botatzen dituzten pertsonek duten inpunitatea kritikatu.