Foro Sozialaren gomendioak aztertuko dituzte Baionan nazioarteko hainbat aditurekin
Silvia Casale, Pierre Hazan, Aaro Suonio, Brian Currin eta Raymond Kendall nazioarteko adituak martxoaren 1ean Baionan egingo den Bake Forumean izango dira. Foro Sozialaren 12 gomendioak gizarteratzea izango da hitzorduaren xede nagusienetakoa.
Bakerako foroa antolatu dute Bake Bideak eta Lokarrik Baionan martxoaren 1ean. Bake prozesua indartzeko Foro Sozialetik atera ziren hamabi gomendioak izango dira Lapurdiko hiriburuko forumaren gai nagusia. Xedea, gizarte zibilak bakerako gomendioak barneratu eta bakea elkarrekin eraikitzea izanen da.
Nazioarteko hainbat aditu Baionan izango dira; Silvia Casale, Pierre Hazan, Aaro Suonio, Brian Currin eta Raymond Kendallen presentzia baieztatu dute dagoeneko. Brian Currin abokatu hegoafrikarra, Pierre Hazan nazioarteko gatazketan aditua, eta Raymond Kendall Interpoleko Ohorezko Idazkari Nagusia euskal gatazkari buruzko Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kide dira. Aaro Suonio, Ipar Irlandako Desarmatze Batzordeko Kabineteko burua da eta Silvia Casale kriminalista britainarra Torturaren prebentziorako komiteko kidea da Europar Batasunean eta Nazio Batuen Erakundean.
Bake foruma goizean soilik egingo da, bi zatitan banatutako egitarauarekin. Lehen atalean kanpoko aktoreen bidez gomendioen testuingurua eta mamia azalduko dira. Tarte horretan Currinek gomendioen sorrera azalduko du eta Hazan, Casale eta Suoniok edukien azalpena eginen dute publikoaren galdere erantzunez eta parte hartzea sustatuz.
Goizaren bigarren zatian gomendioen obratze praktikoa aztertuko da, nola abiatu daitezken aztertu, zein aitzinapean egin diren eta nolakoa izatea nahiko litzateken azalduko dute Bake Bidea eta Lokarriko kide banak, Bake Prozesua Sustatzeko batzordeko kide batek eta Raymond Kendallek lagunduta.