Prozesuaren «protagonista nagusia» euskal gizarteak izan behar duela azpimarratu dute
Ipar Euskal Herriko alderdi politiko guztiek ordezkaritzak bidali dituzte Baionako Unibertsitatean Lokarrik eta Bake Bideak antolatu duten Bakearen aldeko topaketetara. Nazioarteko adituek azpimarratu dutenez, Frantzia eta Espainiako Gobernuen parte hartzea beharrezkoa da prozesuak aurrera egiteko eta euskal gizarteak bultzatu behar du eta protagonista nagusia bilakatu.
Bukatu da Lokarrik eta Bake Bideak antolatuta Baionako Unibertsitatean burutu den Bake Foruma. Foro Sozialak egindako gomendioak nola gauzatu daitezkeen izan dute hizpide eta euskal gizarteak izan behar duela prozesuaren protagonista nagusia eta bermatzailea ondorioztatu dute. Erronka herritarren inplikazioa lortzea dela esan dute nazioarteko adituek eta aldebakartasunaren bitartez, gizarteko sektore eta aktore gehiago batzeaz gain bi gobernuak prozesuan parte hartzera behartuko dutela nabarmendu dute.
Ildo horretan, Lokarriko kide Paul Riosek prozesuaren giltza herriak duela azpimarratu du eta ez estatuek.
Oihartzun handia izan du Bake foroak eta eragile anitzetako ordezkariak hurbildu dira. Ipar Euskal Herriko alderdi politiko guztiek ordezkariak bialdu dituzte.
Besteak beste, bertan izan dira Frederique Espagnac senataria eta PSren bozeramailea, Sylviane Alaux diputatua eta Max Brisson UMPko kontseilaria, Jean-Rene Etchegaray zinegotzi zentrista, Kotte Ezenarro PStik, Jean Jacques Lasserre senatorea, Battitta Bolloki Garapen Kontseilukoa eta Baionako zinegotzi Martine Bisauta. Horiez gain, ELA, LAB, Sortu, Herrira, Etxerat, Kontseilua Bildu, Cimade, LDH, CFDT sindikatua eta Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboko kideak ere bertan izan dira.
Estatuen «arduragabekeria»
Lehen mahai inguruan Silvia Casale (NHTko kidea), Pierre Hazan (NHTko kidea) eta Aaro Suonio (nazioarteko segurtasunean eta krisien kudeaketan aditua eta Ipar Irlandako Desarmatzearen Komisioaren gabinete burua) aritu dira desarmeaz, justizia trantsizionalaz eta preso eta iheslarien gizarteratzeaz.
Hiru adituek Parisko eta Madrilgo Gobernuen parte hartzea prozesuak aurrera egiteko beharrezkoa dela nabarmendu dute eta gizarteak bultzatu behar duela horretarako. Aldi berean, armagabetze prozesuak lege bermea behar duela adierazi dute Hazan, Suoniok ta Casalek.
Foro Sozialaren gomendioaren aplikazioaren inguruan mintzatu dira atsedenaldiaren ostean. Raymond Kendall, Interpoleko idazkari nagusi ohiak eta NHTko kideak, estatuen «arduragabekeria izugarria» dela salatu du eta nazioarteak eta gizarteak aldatzera behartuko dituela esan du.
Kendallek Iñigo Urkullu lehendakariaren jarrera goraipatu du eta estatuen blokeoa gainditzeko armagabetze prozesuan ardurak har ditzakeela adierazi du. Aldi berean, Europari presioa egiteko eskatu du.
Urrats garrantzitsuak
Brian Currin abokatua eta Harremanetarako Nazioarteko Taldeko (NHT) kideak hartu du hitza irekiera ekitaldian eta Foro Sozialaren gomendioen definizioaren testuinguruaz aritu da Veronique Dudouet gatazken konponketan doktorea eta Berghof Fundazioko kidearekin batera.
Currinek prozesuan urrats garrantzitsuak izan direla nabarmendu du eta ostiralean poliziaren aurrean egin behar izan zituen adierazpenetan Frantziako Gobernua konponbidearen norabidean jartzeko eskatu ziela azaldu du.