INFO

Selma Huxley ikertzaileari ‘Lagun Onari’ saria eman dio Lakuak

Lakuako Gobernuak ‘Lagun Onari’ saria eman dio Selma Huxley ikertzaileari, XVI eta XVII. artean Ternuan eta Labradorren izan ziren euskal arrantzaleei buruz egindako lanagatik.

Urkullu Selma Huxleyri ‘Lagun Onari’ goraipamena jartzen. (Raul BOGAJO/ARGAZKI PRESS)

Selma Huxley jatorri kanadiar eta britainiarreko ikertzaileak gaur arratsaldean jaso du ‘Lagun Onari’ goraipamena Iñigo Urkullu Lakuako Gobernuko lehendakariaren eskutik.

1530 eta 1700 artean Ternuan eta Labradorren izan ziren arrantzaleei buruz ikertzen eman du bizitza osoa Huxleyk eta, Urkulluk nabarmendu duenez, bere lanak «bide berriak» ireki dizkio Euskal Herriari.

«Haren lanak gure izaeran eragin handia izan duen zerbait gogorarazten digu: ekaitzen eta oztopoen beldur izan gabe, edozer helbururi ekiteko gai garela, garai bateko baleazaleen eta bakailao-arrantzaleen antzera, nahi ditugun proiektuak gauzatuko ditugula baitakigu», esan du.

Selma Huxley-Barkham (Londres, 1927ko martxoaren 8a) Kanadako eta Euskal Herriko historian aditua da. 1972an Oñatira joan zen Kanadako kostalde atlantikoan, Ternua eta Labradorren, XVI. eta XVII. mendeetan izan ziren euskaldunei buruzko ikerketak egitera. Bere lanei esker, aurkikuntza historiko eta arkeologiko garrantzitsuak egin zituen.

Haren seme Michael Barkhamek amaren lana nabarmendu du eta 70. hamarkadan Euskal Herrira nola etorri zen gogoratu du: lau seme-alabarekin, txikiena 11 urtekoa.