M27. Milaka ikaslek kalera atera dute euren ahotsa hezkuntza sistema propio baten alde
Lomce legeari eta Heziberri 2020 programari bizkar eman eta hezkuntza sistema propioaren beharra mahai gainean jartzeko, milaka izan dira Hego Euskal Herrian eskolak utzi eta aldarria kalera eraman dutenak. Hiriburuetan manifestazio jendetsuak egin dira eguerdian eta arratsaldean mobilizazioek jarraipena izan dute. Iruñean Polizia gogor oldartu da grebalarien aurka. Guztira hamalau lagun atxilotu dituzte.
Hego Euskal Herriko hezkuntzan Ikasle Abertzaleak erakundeak antolatutako greba orokorrak –beste hainbat ikasle erakundek ere bat egin dute– milaka lagun atera ditu kalera, euskal hezkuntza sistema propioa aldarrikatzeko eta Gobernu espainolak hezkuntza alorrean ezarri dituen neurriak salatzeko. Lakuako Gobernuaren Heziberri 2020 programari ezezkoa ere adierazi nahi izan diote.
Unibertsitatean nahiz bigarren hezkuntzako ikastetxeetan izan du eragina grebak eta goizetik egin dituzte mobilizazioak. Milaka ikasle atera dira kalera lau hiriburuetan egin diren manifestazioetan. Bilbon eta Iruñean istiluak izan dira eta hamabi lagun atxilotu dituzte.
Ikasle Abertzaleek ohar batean adierazi dutenez, greba «ia totala» izan da Hego Euskal Herrian eta EHUko fakultate batzuetan, Bizkaian kasu, «ez da klase bat ere eman».
Euskal ikasleriak «argi adierazi du Euskal Herriko hezkuntza propioa eraiki nahi duela, herritik eta herriarentzat», adierazi dute balorazio oharrean.
Bilbo, Donostia, Iruñea eta Gasteiz
Hiriburuz-hiriburu, Bilbon egindako mobilizazioak izan dira greba egunean egin diren jendetsuenak. Eguerdiko manifestazioan 8.000 ikasle inguru batu dira mobilizaziora, eta zenbait istilu izan dira. Polizia autonomikoak lau ikasle atzeman ditu. Arriaga plazan amaitu dute ekimena, eserialdi batekin.
Arratsaldean bigarren manifestazio bat egin dute, eta atxilotutako ikasleen askatasunaren aldeko ohiuak izan dira nagusi.
Donostian goizeko 8.00etan hasi dira ikasleak mobilizazioekin, piketeak eginez. Udaletxe aurretik Hezkuntza ordezkaritzara abiatu dira ikasleak eta Ertzaintzak gelditu egin ditu, nonbait manifestazioa egiteko baimenik ez zutelako.
11.30ean Arkitektura eskolaren aurrean zuten jarria zita. Hala, Kontxako pasealekuan barrena Ibaetarako bidea hartu dute ehunka lagunek, ‘Ikasle, altxa, hasi da iraultza’ edo ‘Hemen, gaude, hezkuntzaren alde’ gisako oihuak eginez.
Arratsaldean elkarretaratzea egin dute EHUko campus aurreko biribilgunean.
Iruñean tentsio une larriak bizi izan dira eguerdian. Antoniutti parketik abiatu da eguneko manifestazio nagusia eta amaieran, Sarasate pasealekuan, Parlamentuaren aurrean eta Navas de Tolosa kalean ikasle ugarik eserialdia egin dute, trafikoa moztuz.
Foruzainen eta polizien kontra arrautzak eta pilotak bota dituzte hainbat gaztek. Poliziaren erantzuna kargatzea eta, gutxienez, eserita zegoen ikasle bat atxilotzea izan da. Kargaren ondorioz Alde Zaharreko karriketara joan dira eta botilak eta harriak jaurti dituzte polizien kontra. Zortzi lagun atzeman dituzte, horietatik bost adin txikikoak eta aske geratu direnak.
Arratsaldean mobilizazioek jarraitu dute eta berriro Polizia espainolaren kargak izan dira. Nabarreria kalean beste bi ikasle atxilotu dituzte.
Gasteizen, bere aldetik, lau mila inguru izan dira mobilizazioekin bat egin duten ikasleak eta, Ikasle Abertzaleen arabera, Araban grebak izan duen jarraipena ia totala izan da, bereziki EHUn.
Manifestazio nagusia Bilbo plazatik 12.00ak pasata atera da, hiriko erdigunea zeharkatu du, Andre Maria Zuriaren plazaraino.
Manifestazioa bukatu ondoren, ikasle batzuek Hezkuntza Lurralde Ordezkaritza okupatu dute modu sinbolikoan. Ertzainak agertu ondoren euren kabuz atera dira.
Arratsaldean 200 lagun ingurun bigarren manifestazio bat egin dute eta Kutxilleria kalean Ertzaintzak zenbait gazte identifikatu ditu.