Fleuryn espetxeratuta dauden emakumeen egoera salatu du Etxerat elkarteak
Etxerat elkarteak jakitera eman duenez, Fleuryn espetxeratuta dauden emakumeek borrokaldia hasi dute, bizi duten egoera salatzeko. Zenbait presozainen eta zuzendaritzaren jarrera gaitzetsi eta aldarazi nahi dute protestaldiarekin.
Ohar bidez Etxeratek adierazi duenez, azkenaldian Fleuryko presoek «eskubide murrizketak eta probokazioak» jasan behar izan dituzte, eta espetxezainen eta zuzendaritzaren jarrera aldarazteko hasi dute borrokaldia.
Gogoratu dutenez, apirilaren 8an plantoa egin zuten patioan eta, ondorioz, euskal presoak zigor ziegetan (mitard) daude. «Eguzkiak berotzen ez duen 10 metro koadroko patioan egunean bi orduz» egon daitezkeela azaldu du Etxeratek, eta gainerako orduak oherik ere ez duen ziegetan pasa behar dituzte. Lo egiteko koltxoiak bota behar dituzte lurrera eta, gainera, espetxezainek orduro argia pizten diete, loa galarazteko.
Espetxeko zuzendaritzak zortzi eguneko zigorra ezarri zien, baina arrazoi desberdinak argudiatuta hilaren 17ra arte luzatzea erabaki du.
Horrez gain, Etxerat elkarteak espetxe horretan dagoen Ekhiñe Eizagirre presoari beste zigor bat ezarri diotela salatu du. Zigor horren ondorioz, 21 egunez bisitak kristala eta interfonoa dituen mintzatoki batean egin behar lituzke.
Hala ere, Eizagirrek ez du zigorra onartu eta, protesta gisa eta borrokaldiarekin jarraitzeko, bisitei uko egin die. Hortaz, hilaren 21era arte ez du bisitarik izango eta mitard-ean egongo da.
Zigorra duela hilabete inguru bisita baten ondoko biluzketan izan zuen «istilu» baten ondorioz ezarri diotela azaldu du Etxeratek.