INFO

Ekimenez lepo beteriko asteburua dakar Gure Esku Dagok

Erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikak ekimenez beteriko asteburu berri bat beteko du. Egun osoko jai egunak izango dira hainbat herritan, bideoklipak grabatuko dituzte, argazki herritarrak, giza kateak, hitzaldiak, bertsoak... Hilabete falta da Durango eta Iruñea arteko giza katerako eta azken txanpan sartu da Gure Esku Dago.



Arrasaten apirilaren 13an ospatu zuten Gure Esku Dago egunaren bideoa argitaratu berri dute, ekaineko giza katerako 1.500 parte hartzaileen helburua, dagoeneko, bete dutela ospatzeko.

Hilabete falta da ekainaren 8an Durango eta Iruñea lotuko dituen giza katerako, erabakitzeko eskubidearen aldeko 123 kilometroko jende ilara eskutik eskura helduta jartzeko, eta bide horretan siri-miria bezala herriz herriko sustraitze lanean jarraitzen du Gure Esku Dagok. Asteburu honetan ere gustu guztietarako ekimenak izango dira batean eta bestean. Ostiralez hainbat ekimen izango dira (giza katea Anoeta eta Irura artean, Altsasun aurkezpena, Deban hitzaldi zikloa, Urdulizen ‘Gazta zati bat’ filma, Astrabuduan giza katea...) baina larunbatean izango dira ekimen gehienak.

Donostian, adibidez, giza kateak osatuko dituzte hiru auzotatik abiatuta. Antiguatik, Bilbao Plazatik eta Saguesetik zutabe bana abiatuko da 12.30ean elkarri eskutik helduta ordu erdi beranduago Bulebarrean denak elkarri eskutik heltzeko. Areetan koloretsua izango da, iragarri dutenez (12.30 Xake plaza) Lekeition (18.00) plazatik hasita herriaren zati handi bat hartu asmo dute giza katean eta Eibarren ere ekainaren 8ko giza katerako balioko duen ‘entsegua’ egingo dute (18.30).

Gure Esku Dago eguna antolatu dute hainbat herritan. Lezaman 10.00etan hasiko dute Dianarekin, umeentzako tailerrak eta puzgarriak izango dira egun osoan eta trikitilariak. Sukalkiak aurkeztuko dituzte bazkal orduan, ginkana izango da gero, afarimerienda eta erromeria giroan amaituko dute eguna. Ugaon ere egun osoko egitaraua antolatu dute eta baita Mendaron ere, eguerdian txaranga giroan hasi eta herri bazkari handia izango da (ehundik gora lagunek eman dute izena, dagoeneko), erromerian amaituko dute hemen ere jai eguna.

Garaian, batean eta bestean arrakasta izan zuen beste ekimen bat ‘Dantza Zati bat’ izan zen, ‘Gazta zati bat’ fimako fandango baten doinuarekin herriz herri erabakitzeko eskubidearen alde egin zituzten bertsioekin. Mungian ekimena berreskuratu eta larunbatean (17.00) Foruen Enparantzan burutuko dute. Errenterian ere ekimen bera antolatu dute, (13.00). Herriko lanak amaituta Oiartzungo jai egunera joateko deia egin dute errenteriarrek ere. Azken honetan aste osoko egitaraua izan dute. Angel Oiarbide (Gure Esku Dago), Manu Gomez (Etxarri 2012+1), Txutxi Ariznabarreta (Independentistak) eta Martxelo Otamendi (Berria) elkartu zituzten mahai inguruan asteazkenean asteari ekiteko eta larunbatean arratsaldean, besteak beste, flashmob herritarra grabatuko dute.

Basaurin ere argazki handi bat egin asmo dute, kasu honetan esku erraldoi bat irudikatuko dute (13.00). Zuian ere (13.30) argazki herritarra egingo dute jai giroan eta Beran «argazki mosaiko erraldoia» egingo dutela iragarri dute (19.00), aurrez haur jolasak eta poteo herrikoia izango dira.

Ekimenen pizgarri bikaina izaten ari da dozenaka artistek elkarlanean burutu zuten abestia eta honen hainbat bertsio ari dira egiten herriz herri. Aste honetan, adibidez, Iruñeko kontserbatorioko bi ikaslek txarangarako egin duten moldaketa argitaratu dute. Bideoklipak berak ere arrakasta izan du eta hainbat bertsio dago dagoeneko. Legazpin eurena egingo dute larunbatean eta hiru zita jarri dituzte herritarrentzat: 11.00etan Euskal Herria Plazan, 17.00etan Mirandaolan eta 19.00etan Kale Nagusian.

Donostiako Egia auzoan, ‘Le Bukowski’ tabernan bertso saio musikatua antolatu dute (22.00). Alaia eta Jon Martin, Xamoa eta Jokin Labayen izango dira bertsotan, Eneko Sierra eta David Muñoz musikariekin eta Haritz Casabalek jarritako gaiekin.

Igandean, besteak beste, Muskizen eta Bilboko Errekalden antolatu dituzte jai egunak eta Gorbeian argazki herritarra egingo dute erabakitzeko eskubidearen alde (11.00).

Euskal Herritik kanpora ere hedapena izaten ari da ekimena euskal diasporaren eskutik eta igandean Buenos Airesen (Argentina) aurkeztuko dute dinamika.


Oñatin dinamikaren abestiaren bertsio propioa ari dira grabatzen. Bateko eta besteko herritarrak elkartu dituzte, Evaristo eta Pello Zabala elkarrekin abesten jarri dituzte.