INFO

Moteltasunez abiatu da Ipar Euskal Herrian kanpaina

Atzo abiatu zen kanpaina Estatu frantsesean, baina Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoan apenas ezer sumatu den. Igandean, Jose Bove Europe Ecologieko zerrendaburua Herri Urratsen izan zen. Bezperan, berriz, UMP-Gazteen ordezkari bat PPk Donostian egin ekitaldian izan zen.


Ipar Euskal Herrian ia ez da nabaritzen Europako Parlamenturako bozen kanpaina abiatu denik. Karriketan paratutako hauteskunde-taulak hutsik ikusten dira edo, gehienez ere, karteltxo batekin. Lekuko komunikabideetan ere, apenas agertzen diren berri bakan batzuk. Hortaz, oraingoz, ez da hauteskunde giroa sumatzen.

Alta, apurka, alderdi edo hautagai batzuk hasi dira oharrak bidaltzen. Hala, UMP-Gazte Aktiboak taldeak atzo jakinarazi zuen, PPren gonbidapena onartuta, iragan larunbatean bere kide bat «Frantziaren aldeko gazteen» ordezkari gisa Donostian izan zela Carlos Iturgaizen hautagaitza babesteko ekitaldian.

Herri Urrats zela profitatuz, Europe Ecologie-ko zerrendaburu Jose Bove ere Senperera jin zen. Ikastolen auzian Parisek «Europako legeria ez duela errespetatzen» esanda, «lege frantsesa desobeditzera» dei egin zien auzapezei.

«Enbata» aldizkariari egindako adierazpenetan, «Erregioen Europa baten alde eta ez Estatu-nazioen Europa honen alde» dagoela nabarmendu du. Aldi berean, Basque Friendship taldeko kide den heinean, Euskal Herriko aldarrikapenak (Lurralde Elkargo berezia, euroaginduaren ezabatzea, bake prozesua...) bultzatzen dituela baieztatu du: «Europar Batasunak ezin du bere eskualde bat horrelako krisi-egoeran bizitzen utzi eta bake gunea babestu behar du».

Litekeena da esparru abertzale batzuen boza hautagai ekologistarengana joatea, batez ere kontuan hartzen bada, ezkerreko abertzaleek (EHBai) ez dutela hautagaitzarik aurkeztu, ezta boz kontsignarik eman ere. Ordezkari batzuek, halere, beren iritziak kaleratu dituzte. Hala, Peio Atxeberri-Aintxart ABko bozeramaileak boz zuria emanen du, eta Xabi Larralde Sortuko buruzagiak, aldiz, abstentziora joko du, seguru asko.

Euskal hautagaiak

Hego-mendebaldeko (Sud Ouest) barrutian 25 zerrenda aurkeztu dira. Horietatik lauk euskal hautagaiak dituzte buru: UMPko Michele Alliot-Marie, EAJ-PNBko Jean Tellechea, eskuineko Debout la Republique alderdiko Pascal Leseillier eta ezkerreko Nouvelle Donne-ko Joseph Boussion.

Orotara, bederatzi zerrendatan bederen, Ipar Euskal Herriko hautagaiak daude. Hamar Josu Juaristik gidatzen duen Herriek Erabaki zerrendan den Elorri Arin azkaindarrarekin.