San Adriango koban aurkitutako duela 3.500 urteko zeramikak aurkeztu dituzte
Brontze Aroko bizimodua nolakoa zen ezagutzen lagunduko duten piezak aurkitu dituzte 2008tik hona Zegamako San Adriango tunelean egindako indusketetan. Euskal Herrian ia ez da garai hartako daturik gordetzen.
Aranzadi Zientzia Elkarteak 2008an Zegamako San Adrian koban hasitako indusketen emaitzak ezagutu ditugu gaur goizean Gipuzkoako Foru Aldundian. Izan ere, uste zuten bertan aurkitutako piezarik baliotsuenak Erdi Arokoak zirela baina ikerketekin jarraitzean konturatu ziren beste maila batean Brontze Aroko zeramika zatiak agertzen hasi zirela. Aurkikuntza hau garrantzitsua da garai hartako dokumentazioa eskasa delako eta gizaki haien bizimoduari buruz ia ez dakigulako ezer ere ez.
«Zeramika gehiena aire librean aurkitzen da eta berreraikitzea ezinezkoa izaten da, oso baldintza txarretan dagoelako. Kobazuloan oso egoera onean mantentu dira», aipatu du Miriam Cuevas Aranzadiko ikerlariak. Jada badakite zeramika gehienak pitxar handietatik datozela eta seguraski laboreak eta likidoak gordetzeko erabiltzen zirela, eta ez sukaldatzeko, su aztarnarik ez dagoelako. Begetal aztarnak eta animalien hezurrak aurkitu dira, eta ondorioztatu dute gizaki haiek nekazariak eta abeltzainak zirela, beraz, sedentarioak zirela. Hala ere, oraindik ikerketaren bigarren fasea egin behar dute eta horren ostean informazio gehiago izango dute.
San Adriango kobako indusketak ez dira eten. Orain Aranzadi hurrengo maila aztertzen hasi da, hau da, Goi-Paleolitoari dagokiona (duela 16.000 urte inguru). Bertan ere aurkikuntza garrantzitsuak izatea espero dute. Tunel horretan hainbeste altxor egotearen arrazoia da historiaurretik babeslekua izan dela.