INFO

Herri batzordeen bilera egingo du Gure Esku Dagok ekainaren 21ean

Iragan ekainaren 8ko giza katearen arrakastak indarberrituta, hilaren 21ean herri batzordeen bilera egingo du Gure Esku Dago ekimenak. Azken urtearen balorazioa egin eta aurrera begirako erronkak izango dituzte hizpide hitzordu horretan.

Giza katea, Uharte Arakiletik igarotzerakoan. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

Ohar baten bitartez, ekainaren 21ean Euskal Herri osoan barrena sortu diren herri batzordeen arteko bilera egingo duela jakinarazi du Gure Esku Dago dinamikak.

Lekua eta ordua aurrerago zehaztuko dituzte, baina hitzorduaren helburua azken urtearen balorazioa egin eta aurrera begirako erronkak aztertzea da.

Ekainaren 8ko giza katearen arrakastak indartuta iritsiko dira Gure Esku Dago ekimeneko kideak.

«Herritarren aktibazioa, herritarren arteko elkarlana, konplizitatea, ilusioa, konfiantza, jabekuntza... Horiek guztiak lantzen jardun dugu urtebetean, eta egindako lanak eman du bere fruitua», adierazi dute dinamikaren arduradunek.

Ildo horretan, egindako lanaren erakusgarri diren zenbait zifra ere plazaratu dituzte: 100.000 pertsona baino gehiagok emandako datuekin osatutako sarea, urtebetean sortu diren 170 herri batzordeak, herriz herri burutu diren 200 aurkezpenak... Eta, ezin aipatu gabe utzi iragan igandeko giza katea, 150.000 lagun baino gehiago mobilizatu zituena.