EH Bilduk ikurrina jarri du Iñigo Urkulluren aulkian, Gasteizko Legebiltzarrean
EH Bilduk ikurrina jarri du Iñigo Urkullu Gasteizko Legebiltzarrean esertzen den aulkian, gaurko osoko bilkura hasi aurretik. Modu horretan lehendakaria Felipe Borboikoaren izendapen ekitaldira joan izana salatu du.
Gasteizko Legebiltzarreko gaurko osoko bilkura hasi aurretik, Iñaki Lazarobaster EH Bilduko legebiltzarkideak ikurrina jarri du Iñigo Urkullu eseri ohi den aulkian.
Lehendakaria errege espainol berriaren izendapen ekitaldira joan izana salatu du modu horretan, «Urkulluk, euskal herritar gehienen sentimendua aintzat hartu beharrean, menpekotasuna adierazi duelako».
EH Bilduren iritziz, lehendakariaren tokia gaur «ez dago espainiar Gorteetan, Euskal Herrian baizik, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrak ordezkatzen dituen Parlamentuan, hain zuzen ere».