INFO

Zubietako Tratamendu Mekaniko Biologikorako planta 2015ean hasiko da lanean

Zubietako Tratamendu Mekaniko Biologikorako planta eraikitzeko lanak azaroan esleituko dira eta 2015 bukaeran hasiko da lanean, Iñaki Errazkin Gipuzkoako Ingurumen diputatuak jakinarazi duenez. 160.000 tona hondakin hartzeko ahalmena izango du eta ontzi arinak tratatzeko eta materia organikoa konpostatzeko aukera ere emango du. 60 milioi euroko aurrekontua du, erraustegiak baino 163 milioi gutxiago.

Lete, Sieksmeyer, Errazkin eta Intxaurraundieta, Zubietako TMB plantaren aurkezpenean. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Iñaki Errazkin Ingurumen diputatuak, Ainhoa Intxaurraundieta eta Antton Lete GHK-ko lehendakari eta zuzendari nagusiak eta Rolf Sieksmeyer Alemaniako Haase Enviromental Consultin (HEC) aholkularitzako kideak eta proiektuaren buruak Zubietako Tratamendu Mekaniko Biologikorako (TMB) plantaren nondik norakoak eman dituzte komunikabideen aurrean.

Hondakinak kudeatzeko sarearen «bizkarrezurra» izango da instalazio hori. Alemaniako HEC aholkularitzak diseinatu du egitasmoa eta 160.000 tona hondakin hartzeko ahalmena izango du.

Azaldu dutenez, prozesu mekaniko biologikoan, materiari gasa eta likidoa kenduko zaizkio, eta bolumen handia galduko du, ia heren bat. Prozesu mekaniko biologikoaren ondoren, materia horretatik zati bat birziklatu egingo da eta beste bat bizigabetu eta ondoren biltegi batera eramango da.

Zubietako planta beste 40.000 tona ere birziklatzeko gai izango da, gaikako bilketatik lortutakoei gaineratuko zaizkienak. Horretaz gain, beste 13.000 tona ontzi arin tratatzeko eta 20.000 tona organiko konpostatzeko aukera emango du.

60 milioi euroko aurrekontua du planta honek, erraustegiak baino 163 gutxiago. Agerraldian nabarmendu dutenez, gipuzkoarrek «163 milioi euro aurreztuko dituzte» proiektu honi esker. Erraustegia eraikitzeko egin ziren inbertsio gehienak –50 milioi inguru– «erreskatatzea» lortu dute eta lurrak eskuratzeko, lur mugimenduak egiteko eta sarrerak eta bideak egiteko baliatu dituzte.

Lanak aurtengo azaroan esleituko dituzte eta instalazioa 2015 bukaeran lanean hastea espero dute. 54 lanpostu sortuko dira.