Elkartasuna ez dela delitu nabarmendu du Sortuk Amaia Izkoren inputazioaren harira
Guardia Zibilak Amaia Izko Sortuko bozeramailea inputatu gisa deklaratzera deitu duela-eta, Sortuk salatu du «beste behin» euskal preso politikoekiko elkartasuna eta aplikatzen zaien espetxe politikaren salaketa «jazarria» dela.
Sortuk oharra kaleratu du, Guardia Zibilak sanferminetako presoen eskubideen aldeko ekitaldian hizlari jardun zuen Amaia Izko bozeramailea inputatu gisa deklaratzera deitu duela-eta.
«Beste behin» euskal presoen aldeko elkartasuna eta «haien kontra aplikatzen den espetxe politikaren salaketa jazarria» dela nabarmendu du indar abertzaleak eta presoen eskubiden eta haien senideen aldeko elkartasunaz ari direla gogora ekarri. «Elkartasuna ezin da delitu izan, are gutxiago oinarrizko eskubideak errespetatzea eskatzen bada», adierazi du.
Sortuk dei bikoitza luzatu dio Gobernu espainolari: euskal preso politikoak «erabiltzeari utz diezaiola» eta Euskal Herrian ireki den «garai berria lokazteko asmoari utz diezaiola». Bakeak eta normalizazio demokratikoak espetxe politika aldatzea eskatzen du bere iritziz eta, «lehen urrats gisa, motibazio politikoko preso guztien kaleratzea».
Horrekin batera, euskal gizartearen gehiengoak «libre eta demokratikoki eskatzen duenari» entzun eta kaso egiteko galdegin dio Madrili. «Inoiz baino beharrezkoagoa da bake prozesuaren oinarriak sendotzea eta gehiengo sozialarekin batera berehalako espetxe politikaren aldaketa eskatzea, Zaballako espetxean euskal preso politikoak elkartu eta bertaratzeko», nabarmendu du.
Azkenik, Amaia Izkori irekitako atestatua bertan behera uzteko eta presoen eskubideen aldeko eskariak «kriminalizatzeari» uzteko exijitu du Sortuk.