INFO

Iheslarien aurkako neurriak bertan behera utzi eta konponbidearen alde lan egitera deitu du EIPK-k

Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak (EIPK) «irmoki» salatu du Jokin Aranalde kolektiboko mintzakideren atxiloketa eta Espainiaratzea eta iheslarien aurkako neurri juridikoak bertan behera uzteko eta konponbide prozesua egituratzeko deia egin du.


Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak (EIPK) oharra kaleratu du Jokin Aranalderen atxiloketa eta Espainiaratzea dela-eta.

Kolektiboko mintzakidea iazko ekainean, EIPK-k Biarritzen konponbide prozesrurako bere ekarpena aurkeztu eta egun gutxira atxilotu zutela gogora ekarri du, eta Paueko Auzitegian egin zen saioan jasandako torturen berri eman zuela gazteluarrak.

EIPK-k nabarmendu duenez, euroagindua onartu ondoren «intsumitu jarrera» hartu zuen Aranaldek, «konponbide prozesua bultzatzen jarraitzeko konpromisoari eutsiz». Bide horretan bere osasun egoera okertu egin zela eta ekainaren 14ko Baionako manifestazioaren ondotik bizitza normala egiten hasi zela jakinarazi du, atzo atxilotu eta entregatu zuten arte.

Iheslarien kolektiboarentzat Aranalderen kasuak «argi erakusten du torturak Eúskal Herrian utzi duen eragina, euroaginduak egikaritzea ahalbidetzen duen injustizia». Horregatik, euskal iheslarien aurka «modu berezian erabiltzen diren neurri juridikoak» bertan behera uzteko eta «alde askotarikoen artean konponbide prozesua egituratzeko» deia egin du.

Herritarrei eta eragileei ere deia luzatu die EIPK-k, «konponbidearen eta bake justu eta iraunkorra bermatuko duen eszenatoki demokratiko baten alde indarrak biderkatu» eta lanean jarrai dezaten. Ildo horretan, dio bere oharrak, «salbuespen neurri bereziak gelditzea, torturapena egindako dosierrak indargabetzea eta euroaginduari bidea ixtea lortu behar dugu».