Gipuzkoako EHNE uztea erabaki du baserritar talde batek
«Azken bi urteetan Gipuzkoako EHNEk hartu duen norabidearekin» bat egiten ez duen baserritar talde batek sindikatua utzi eta «bide berri bati» ekitea erabaki du.
Gipzkoako EHNEren barne krisia eszisioarekin bukatu da. Baserritar talde batek sindikatua utzi eta bide berriak jorratzea erabaki du, «azken bi urteetan Gipuzkoako EHNEk hartu duen norabidearekin» bat ez datozela-eta. Baserritar hauen iritziz, beren «nekazaritza sindikalgintza ikusmoldea egungo Gipuzkoako EHNEn garatzeko baldintza demokratikorik ez dago».
Donostian egin duten agerraldian eman dituzte beren erabakiaren azalpenak, Marije Insausti presidente ohiak eta Enrike Gisasola zuzendaritzako kide ohia bozeramaile zirela.2011ko Kongresuan zuzendaritzarako hautatu zituzten 11 kideetatik gehienek dimisioa aurkeztu zuten eta lau bakarrik geratu ziren. Nekazaritza eta erakundetzearen inguruko eztabaida bi urtez geldirik egon ondoren, «orain bat-batean eta adostasunera iristeko saiakera bat bera ere egin gabe ‘kongresu’ko azken batzar baterako deialdi irregular bat egin da, goiz batean sindikatuaren ildo politikoa erabaki eta zuzendaritza berria aukeratzeko asmoarekin», salatu dute.
Sindikatua utziko duten baserritarren arabera, «erakundeak hartu beharreko norabidearen inguruko eztabaida ukatu egin da» eta «jarrera itxi eta demokraziarekin zerikusi gutxi dutenak nagusitu dira».
Baserritar hauen iritziz, «EHNEren garaia amaitu da» eta «diskurtso eta praktiken arteko aldea handiegia da», eta «nekazaritza sozial eta iraunkorra lehenetsiko duen erakundetze berri eta eraginkorren unea da».
Horregatik, ostegunean egitekoa den Kongresuan ez dute parte hartuko eta Gipuzkoako EHNEko kide izateari utziko diote.
Aurrerantzean bide berriak jorratzeko asmoa agertu dute, «herritarrengandik gertuago, nekazaritza eredu iraunkor eta herrikoiaren alde, geroa bermatzeko». Ildo horretan, elikadura burujabetzaren defentsan ariko den antolaketa berri bat aldarrikatu dute, «nnekazaritza iraunkorraren alde borrokatuko duena, elikadura osasuntsu baten alde, herritarrekin elkarlanean nekazarien bizi eta lan baldintzak hobetzen saiatuko dena, parte hartzailea, demokratikoa eta bere esparrua Euskal Herri osoa izango duena».