INFO

Plastiko beltzen artetik baina jai giroan hartu ditu Jaizkibelek Hondarribiko kaleak

Plastiko beltzei eta euren aurkako oihuei aurre egin behar izan diete beste behin ere Jaizkibel konpainiako kideek, baina ia 400 pertsonek osatuta alarde parekidea izan dute aldarri. Lakuako Gobernuak eta Hondarribiko Udalak kale egin dute babes instituzionalean eta konponbidea indartzeko deia egin diete hauei Jaizkibeleko kideek, Foru Aldundiak, Emakundek eta Arartekoak.

Emakumeak eta gizonak, elkarrekin Jaizkibel konpainian. (Maider IANTZI)

This browser does not support the video element.


Lausotu dute aurten ere plastiko beltzek, «betiko alardea» zioten afitxek eta Jaizkibel konpainiaren aurkako oihuek alarde parekidea, baina guztien gainetik giro onean egin du emakumeen eta gizonen arteko bereizkeriarik egiten ez duen konpainiak bere bidean aurrera. Gainera, ia 400 izan dira konpainian goizeko desfilean, inoizko kopuru handiena.

Eguna argitzerako urteroko irudia, dozenaka polizia eta Alde Zaharrean alarde parekidearen aurkakoak plastiko beltzekin prest. Ertzaintzak berak ere deia egina zuen halakorik ez izateko baina Jaizkibel konpainiaren aurkakoek muzin egin diote eta poliziak ez du neurririk hartu.

Beste urte batzutan baino lasaiago joan da aurten Jaizkibel konpainiaren goizeko ibilbidea baina Izaskun Larruskain kapitainak iseka egin diotela eta zango trabatzen saiatu direla salatu du. Jaizkibelen kapitainaren arabera ez da «beharrezko baliabiderik ez gogorik» jartzen halakoak ekiditeko. Jaizkibelek Lakuari berari ere proposatu zion konpainiaren bandera eramatea babesa indartze aldera, baina ez da erantzunik izan. Hala ere, pozik agertu da Larruskain konpainiak izan duen babesagatik eta parte hartze handiagatik.

Alarde parekidea babesten izan den ordezkaritza instituzionalak Martin Garitano Ahaldun Nagusia izan du buru, Lakuako Exekutiboaren ordezkaritzarik ez baita izan aurten ere. Garitanorekin ziren Mertxe Aizpurua Udalbiltzako presidentea, Iñigo Lamarka Arartekoa eta Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria, besteak beste. Garitanok «gaur arazo bihurtu den hau denen jai» bihur dadin lan egiteko deia egin dio Aitor Kerejeta (EAJ) alkateari.

Iñigo Lamarka Arartekoak ere berretsi dio Udalari eskaria, bihartik bertatik lanean hasteko deia egin dio alardea parekidea izan dadin. Azken asteetan Lakuari eta Udalari berdintasunaren aldeko alardea babesteko deia egin die Lamarkak.

Mertxe Aizpuruak, berriz, udal eta udal hautetsien biltzarra alarde parekide baten aldekoa dela esan du eta txalotu egin du Hondarribiko emakumeak bazterkeriarik gabeko jaien alde egiten ari diren lana.

Plastikorik gabekoari babesa Lakuak eta Udalak

Jaizkibel konpainiaren desfilearen amaieran agintarien harreran ez dira izan, beraz, ez Udala eta ezta Lakuako Gobernua ere. Emakumeak kantinera gisa soilik parte har dezaketen alardean 5.000 gizonek eta 20 emakumek parte hartu dute.

Gaur Hondarribian ez, baina orain hilabete Alarde Fundazioaren egoitza berriaren inaugurazioan parte hartu zuen Cristina Uriarte sailburuak. Gainera, EH Bilduk plastiko beltzen aurkako mozio bat Udalera eraman ostean; EAJk, PPk eta Hamaikabatek hauei ordez, Jaizkibel konpainiari hartu zioten kargu «hausnarketa» eskatuz daramaten estrategiaren inguruan. Alardearen bezperan, Aitor Kerejetak kantineren argazkia sarean hedatuz agertu dio babesa: