INFO

Etziko Diadara eta Eskoziako galdeketara ordezkaritzak bidaliko ditu EH Bilduk

Eskozian eta Katalunian abian diren subirautza prozesuei babes osoa adierazi die koalizio abertzaleak. Etzi, Diadan, Bartzelonara eta hilaren 18an Eskozian egingo den erreferendumera ordezkaritza bana bidaliko du EH Bilduk.

EH Bilduko ordezkariek Bilbon egin dute agerraldia. (Raul BOGAJO/ARGAZKI PRESS)

Bilbon eginiko agerraldi batean, Eskozia eta Kataluniako subirautza prozesuei babesa adierazi diote EH Bilduko bozeramale Maribi Ugarteburu, Rebeka Ubera, Oskar Matute eta Pello Urizarrek.

Etzi Diada ospatuko dute Katalunian eta koalizioak zenbait ordezkari bidaliko ditu Bartzelonara: Pello Urizar, Pernando Barrena, Maite Ubiria, Lorena Lopez de Lacalle, Maite Iturre, Jon Iñarritu, Aiser Vega, Amaia Agirresarobe eta Iñaki Irazabalbeitiak osatuko dute delegazioa.

Hilaren 18an, aldiz, galdeketa erabakigarria dute eskoziarrek eta hura ere bertatik bertara jarraituko du EH Bilduko ordezkaritza batek, honako kideek osatuta: Josu Juaristi, Pello Urizar, Maribi Ugarteburu, Jon Iñarritu, Lorena Lopez de Lacalle, Maite Iturre eta Iñaki Irazabalbeitia.

Irailaren 18 horretarako, gainera, Eskozia eta Kataluniaren erabakitzeko eskubidearen aldeko mobilizazioak deitu ditu EH Bilduk Euskal Herriko herrietan.

Era berean, mozioak aurkeztuko dira eta udaletxeetan Eskoziako bandera jarriko dute.

Giza babesa

«Katalunian eta Eskozian erabakitze eskubideak izan duen giza babesa prozesua garatzeko gakoa izan da. Eta Euskal Herrian martxan gaude, jada, Estatuak itxita mantendu nahi duen atea irekitzeko oinarriak jartzen ari gara», nabarmendu dute EH Bilduko eledunek.

Koalizioa lidergoari ekin eta konpartitzeko prest agertu da, «Estatuari itxoin gabe, jartzen dizkiguten oztopoen gainetik, egunero subirautzari ekinez esparru guztietan, proposamen eta ekintzen bidez».

«Erabakitze eskubidea defendatzen dugun gizarte eta politika eragileok, irmotasun eta ziurtasun osoa erakutsi behar dugu eskubide horren alde», azpimarratu dute.

Hasier Arraizek goizean iragarri duenaren harira, EH Bilduko kideek adierazi dute datozen egunotan beste eragile politiko batzuekin harremanetan jarriko direla, Estatuaren ukazioari aurre egin eta erantzun bateratua emateko bideak aztertze aldera.