INFO

‘Gosariak’ egitasmoaz luze eta zabal igandeko ZAZPIKAn, Joseba Sarrionandiari elkarrizketa barne

Literatura. Musika. Eskultura. Pintura. Lau elementuak batuta, urriaren 25 eta 26an GARArekin banatuko da ‘Gosariak’ lana. Protagonista ditu Joseba Sarrionandia, Gose, Iñaki Arregi eta Juan Luis Goikolea. Guztiekin solasean aritu gara, eta igandean ikusi ahal izango da emaitza, 7Kn.

This browser does not support the video element.


Gosea bi motatakoa izan daiteke: «aho-urdailekoa edo zentzu-gogamenekoa». Asetzeko adina material du behintzat ‘Gosariak’ lanak. Irakurtzekoa, entzutekoa, ukitzekoa eta ikustekoa da lau hanketako sorkuntza hau. Ertz bakoitzean, Joseba Sarrionandia, Gose, Iñaki Arregi eta Juan Luis Goikolea.

Nork bere eremutik egindako ekarpenaren batura da ‘Gosariak’, elkarlan bat bere zentzurik puruenean. Ez da Sarriren azken liburua, ez Goseren azken diskoa. Guztien arteko bateratasunetik jaiotako lana dela ondo azpimarratu dute protagonista guztiek.

16 orrialdetako erreportaje zabalean guztiekin hitz egindakoa islatuko da igandeko 7K-ko alean, Joseba Sarrionandiari egindako elkarrizketa barne.

Errutik hasi eta Beleneraino, hamaika kantuk josten dute sortzaile horien elkarlana, euskarazko testu originalak gaztelerazko itzulpenarekin lagunduta doazen disko bisualean.

Gosek Joseba Sarrionandiari kantu baterako eskatutako kolaborazioa, disko oso batean bilakatu da azkenean. Deserriaren eta distantziaren menpe sortutakoa izan bada ere, egindakoarekin oso pozik da Gose: «Luxua izan da jende honekin lan egitea. Halako zerbaiti ezin zaio ezetz esan, goxoki bat da. Kaxoian geldituko balitz ere, pozik geundeke jada. Betirako gelditzen delako elkarlana».

Testuetan, hamaika begirada iltzatu ditu Sarrionandiak. Krisialdi ekonomikoa, nazioarteko egoerak (Palestina, Sahara…), Euskal Herriko egoera politikoa, espetxeak… Guztiak, elkarlanera bideratuak. «Kolaboratzen duzunean bestelako zerbait sor daiteke, eman dezagun, batek iltze bat egiten duela eta besteak gako moduan erabil dezakeela», azaltzen du idazle iurretarrak elkarrizketan.

Iñaki Arregi eta Juan Luis Goikolearekin ere izan ginen. Letretatik abiatuta sortu dituzte euren irudiak, bidean kasik zalantzarik eduki gabe.

Guztien gogoeta eta sentipenak, igandeko 7Kn agertuko ditugu luze eta zabal.