Erabakitzeko eskubidea aldarrikatuko du EH Bilduk Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan
EH Bilduk mobilizazioak deitu ditu igandean Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan erabakitzeko eskubidearen alde. Kataluniarrei elkartasuna adierazi eta «gure etorkizuna erabakitzeko eta eskubideak defendatzeko ordua» dela aldarrikatuko dute.
EH Bilduk mobilizazioak antolatu ditu iganderako Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, ‘Erabakitzeko eskubidearen alde. Por el derecho a decidir’ lelopean. Kataluniako herriari elkartasuna adierazi eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatzea izango dute xede.
Hasier Arraiz eta Juanjo Agirrezabala parlamentariek azaldu dutenez, Kataluniako «gizartearen nahiaren aurkako erasoa salatzeko eta erantzuna emateko» beren esku dagoen guztia egin du EH Bilduk eta hori egingo du aurrerantzean ere. Horrekin batera, Euskal Herrian ere erabakitzeko eskubidearen «ariketa praktikoa posible egiten duen bidearen alde» lan egiten jarraituko du.
Koalizioaren iritziz, Estatu espainola «demokraziaren kontra egiten ari den ofentsibaren aurrean» norberak bere esparrutik eta «duen jarrera politikotik nola kokatzen den» erabaki behar du. «Zer egiteko prest adierazi behar dugu eta gizarteak hala nahi badu, bere buruaren jabe den Euskal Herria lortzeko zer bide proposatzen duen azaltzeko ordua da», nabarmendu dute.
Indar abertzalearen aburuz, erabakitzeko eskubidearen aldeko borroka «Euskal Herria eta Kataluniako gizartearen borondatea gurea ez den legedi baten aurretik jartzeko borroka da», izan ere «Espainiari lotuta nahi gaituzte, gure iritzia kontuan hartu gabe».
Horren aurrean «herrien eta demokraziaren ordua» dela aldarrikatu dute. «Gure etorkizuna eta eskubideak defendatzeko ordua da», erantsi dute.
Mobilizazioak 12.00etan izango dira Bilbon (Udaletxe aurrean), Iruñean (Udaletxe plaza) eta Gasteizen (Andra Mari Zuriaren plaza), eta 13.00etan Donostian (Cervantes plaza).