INFO

Kataluniaren «heldutasun politikoa» nabarmendu du Martin Garitanok Bartzelonan

Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia Bartzelonan da, Kataluniako prozesu parte-hartzailea jarraitzen.


Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitano Bartzelonan da, Kataluniako prozesu parte-hartzailea bertatik bertara jarraitzen. Goizean nazioarteko behatzaileekin izan da hauteslekuen irekieran, eta ondoren Sant Cugateko alkatearekin eta hautetsiekin izan da, herri horretako hauteslekuetan bolondresen lana ezagutzen. Rubi herriko hauteslekuetara ere joan da Garitano.

«Katalunian subiranotasuna eta independentziaren aldeko mugimenduak zer nolako heldutasun politiko eta demokratikoa duen baieztatu dugu», adierazi du.

Gipuzkoako ahaldun nagusiaren arabera, «traba eta mehatxu guztien gainetik, katalanek argi erakutsi dute askatasun egarria ezin dela asetu Madrilgo Gobernuak erakusten duen indarrez mozorrotutako ahuldadearekin».