INFO
Interview
Fredi Paia
Bizkaiko bertsolari txapelduna

«Uste dut erakutsi dudala badaudela marjinak dramaren barruan»

Algortako Portu Zaharrean, eguzkipean eta itsasoari begira, patxadaz erantzun ditu Bizkaiko txapeldun berriak gure galderak. Harrigarri patxadatsu, ohituagoak gaudelako Fredi aztoratuxeago bat ikusten. Azalpena, berak eman digu: «Gauza onak pasatzen zaizkidanean lasai egoten naiz». Lehenbizi buruz burukora pasatzeko kristalezko sabaia gainditu zuen -hirutan izan da hirugarren- eta hortik aurrera, airean, txapelera zuzen. Erabat Fredi izanda gainera; zirikatzen, probokatzen, harritzen eta barre eginarazten, berak nahi zuen bezala.


Txapelaren zama igartzen hasita, elkarrizketak pilatzen dagoeneko, baina irribarretsu eta adeitsu hartu gaitu Fredi Paiak txapela jantzi eta biharamunean. Betiko Fredi, txapelarekin.

Orokorrean pozik, baina lasai sumatu zintugun txapela jantzi ondoren.

Bai, niri on egiten didaten gauza guztiek lasaitu egiten naute. Ospakizunetan jende guztiak aipatzen zidan berdina; «ze lasai zauden». Fredi aztoratuago bat espero zuen jendeak, baina aztoratuta nagoenean zeozergatik izaten da, ez gauza onak pasatu zaizkidalako.

Espero al zenuen txapela?

Nire buruak eraikia zuen ondoko estrategia: «ez itxaron ezer». Ilusioa sortzea da desilusiorako biderik laburrena eta iraganeko datuei begira, ez naiz izan itxaropenak egin zale. Desilusionatu egin izan naiz eta horregatik eraiki ditut estrategia psikologiko horiek. Ezer espero ez duenak ez du ezer txarrik jasotzen.

Lehen saltoa, lehen ilusio txutea, buruz burukora pasatu zinenean.

Niretzat buruz burukoa beti izan da kristalezko sabai bat. Nahiz eta nire ustez oso ondo aritu, beti hor geratzen nintzen. Hirutan geratu naiz hirugarren. Buruz burukoa Melillako hesia zen. Asko poztu nintzen, batez ere zenbat jende poztu zen ikustean. Oso hunkigarria izan da nigatik zenbat jende poztu den ikustea, hori da gehien harritu eta hunkitu nauena.

Buruz burukoan asko gozatu zenuen, baina ordura arte egindako lana ere ona izan zen.

Pozik nago egin nuen lanarekin, baina momentu askotan sufritu egin nuen. Adibidez, bakarkako gaian gaizki pasatu nuen [gaiak alaba bere sexuarekin gustura ez zegoenaren susmoa zeukan gurasoaren azalean jarri zuen]. Nik ez daukat ez formakuntzarik ez jakintzarik gai horri erantzuteko. Gustura geratu naiz ondo erantzun dudalako krisi egoera horien aurrean, baina sufritu dut une batzuetan.

Gozatu, benetan gozatu, azken kartzelakoarekin.

Behin buruz burukora pasata, Ajuriako saio batean bezala sentitu nintzen. Ajuria hemengo taberna bat da, eta bertsotarako biltzen gara lagunartean. Horrelako bakarkakoak askotan entzuten dira bertan, baina giro horretan. Buruz burukoan zaudenean, luxu batzuk har ditzakezu. Normalean ez zait gustatzen jendea suspense horrekin uztea azken bertsoko azken puntura arte, eskua nori emango nion esan gabe. Horrela egitea erabaki nuen, eta erronka zen puntu horretaraino nola eraman. Juxtu lagun bat daukat egoera horretan, gibel baten zain, eta baneukan informazioa. Banekien bizirik dagoen inork ezin duela gibela eman, beraz, emaileari ezin niola eskua eman. Eta pentsatu nuen: «ze demontre! Heriotzari emango diot eskua». Eta ondo atera zen.

Maialen Lujanbiok azken txapelketa nagusian ateratako doinuan bikain sartu zenuen esan nahi zenuena.

Doinuak lagundu egin zidan. Ederra da. Hasieran bi puntu oso solemne ditu, eta hor gaia kokatzen duzu. Baina gero lau puntu ditu, nik «jolas-ordua» deitzen dudana. Nire gibel emaileak nolakoa izan behar zuen deskribatzen eman nituen, ondo pasatzen, dibertitzen, eta gero doinua beste bi puntu oso solemnerekin amaitzen da. Eroso sentitzen naiz doinu horrekin.

Kartzelako jolas-ordua, gibel emailearen deskribapena, izugarria izan zen. Zuretik urrun dagoen pertsona bat deskribatu zenuen.

Bai, igarri nuen jendea barrezka, eta nik ondo pasatu nuen. Nik aldarrikatzen dudan tonu dramatiko festalaria da hori, apurka eraikitzen ari naizena. Nire kontra-ispilu bat eraiki nuen. Anaia Xabik berehala egin zidan analisi hori.

Anaia aipatu duzunez, bi anaiek jantzi duzue Bizkaiko txapela.

Tira. Bakoitzak ditu bere zaletasunak eta gu txapelak biltzen hasi gara [barrez].

Zuen ama gertu genuen saioan. Euskara ez du ulertzen, baina saioa modu berezian bizi du.

Gure amak dena ulertzen du, hizkuntza izan ezik. Hor gai oso interesgarria dago. Dena esaten dudanean, dena esaten dut. Gure amak primeran daki zein unetan egin dudan akatsa, zein unetan asmatu dudan, noiz nagoen urduri. Ama-semearen arteko kateak hizkuntzaren gainetik daude. Gaitasun horiek dituzte amek, superheroiak dira eta botere bereziak dituzte.

Betiko Fredi izan zinen. Arima oholtzan utzi, harritu, probokatu... Zure estiloarekin jantzi zenuen txapela.

Halabeharrez. Tristea litzateke bestela izatea. Egia da txapelketaren batean egin dudala ahalegina, saiatu naiz irakurtzen epaileen gustuak... baina zurea egitea da onena. Eta iruditzen zait atzetik datozen gazteei erakusten diela badaudela gauzak desberdin egiteko moduak, marjina dagoela dramaren barruan. Greziarrek erakutsi zuten hori, eta ez genuke ahaztu behar. Ez dago Oscarra irabazten duen aktore komikorik, berdin literatur Nobel sariak... Baina, tira, erakutsi badezakegu fikzioa eraikiz jendeari barre eginarazteko gai garela, primeran. Bertsolaritzatik gustatzen zaidana hori da, fikzioak eraikitzen direla. Ni hil naiteke atzo hil nintzen modura, heriotzari eskua emanez eta ondo pasatuz. Errealitatean ez dut uste gai izango nintzenik hori egiteko. Horregatik da hain handia bertsolaritza.