Alavesek lehen 20 minututan galdu du partida (1-3)
Alavesek ez dio urteari ongi ekin eta lehen 20 minututan bi gol jaso ostean Mirandesen aurkako partida galdu egin du Mendizorrotzan. Azken minutuetan Manu Barreirok etxekoen gola sartu du, baina minutu bat beranduago hirugarrena sartu dute Mirandakoek.
2015 urteko lehen partida galdu egin du Alavesek etxean. Sailkapenean airea hartzeko aukera-aukerako norgehiagoka izan du talde gasteiztarrak, baina lehen 20 minutuetan Mirandesek bi gol egin ditu eta hor bukatu da partida.
Hotzak markatutako partida izan da Mendizorrotzan Alavesek eta Mirandesek jokatu dutena. Zelaia gogor zegoen eta itzaletan izotza ere agertu da. Are eta hotzago geratu dira zaleak hasi eta berehala, 7. minutuan, Igor Martinez gasteiztarrak, gaur egun Mirandesen elastikoa defendatzen duen aurrelariak, etxekoen atea zulatu duenean. Duela urte ez asko Mendizorrotzako harmailak pizten zituen jokalariak hoztu ditu jarraitzaile babazorroak.
Alavesek eskuin hegaletik erantzun nahi izan du lehen minutuetan, Sangalliren bitartez gerturatu eta aukeraren bat sortuz. Hala ere, Mirandesen dabilen beste euskaldun batek eman dio bigarren eta azken kolpea Alavesi. 20. minutuan Urko Verak bigarrena egin du. Segidan egin dute etxekoek lehen aldaketa, Manu Barreirok Galanen tokia hartu duenean ordu erdia bete aurretik. Hortik aurrera gasteiztarrak saiatu egin dira, baina benetako aukerarik sortu gabe.
Bigarren zatia ildo beretik hasi da. Alaves saiatu bai, baina eroso zegoen Mirandes. Hala ere, partidaren 60. minutuaren inguruan iritsi da benetako pizkundea. 63. minutuan epaileak Manu Barreiroren gola balio gabe utzi du, jokoz kanpokoa adierazi eta gero. Zaletuak eta taldea piztu egin dira eta lau minutu beranduago Einarrek zulatu du bisitarien atea, baina, berriz ere, baliorik gabe geratu da epaileak atezainari egindako falta adierazi duenean.
Honen ostean gasteiztarren bultzada baretu egin da, baina azkeneko 5 minututan etxekoek azken ahalegina egin eta Manu Barreirok gola eskuratu du. Dena den, Mirandesek azkar bukatu du arabarren esperantzekin, eta Asier Barahonak, 2012 denboraldian Alavesen utzita ibilitako jokalariak, hirugarrena erdietsi du.
Alaves sailkapenaren erdian geratuko da modu honetan, beheko postuetik distantzia hartzeko aukera ez baliatu eta gero.